Egunkaria ere, euskaraz

Ekainaren 3tik 15era BERRIA doan jaso ahal izango dute Uemaren barruan dauden udalerrietako herritarrek. Helburua euskarazko prentsaren kontsumoa sustatzea da.

Maren Belastegi Uemako lehendakaria eta Iban Arregi BERRIA Taldeko kontseilari ordezkaria, atzo, kanpaina aurkezten. GORKA RUBIO / ARP.
ainara arratibel gascon
Azpeitia
2014ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Euskararen erabileran eredu dira Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen barruan dauden herriak. Bertan bizi diren herritarrek nagusiki euskaraz egiten dute eguneroko bizimodua. Hainbat arlotan, ordea, oraindik ere indar edo pisu handiagoa du gaztelaniak. Horietako bat da prentsaren kontsumoa. Errealitate hori aldatu, eta euskarazko prentsa irakurtzeko eta kontsumitzeko ohitura sustatzen eta zabaltzen jarraitzeko, beste urrats bat egin dute BERRIA Taldeak eta Uemak. Akordio bat sinatu dute, eta horri esker, Uemaren barruan dauden udalerrietako herritarrek BERRIA doan jaso ahal izango dute hamabost egunez. Eskaria egiten duten herritarrek ekainaren 3tik 15era jasoko dute egunkaria, eta horri esker, hilabete amaieran BERRIAk paperezko edizioan egingo dituen berrikuntzak ezagutzeko aukera izango dute.

Atzo aurkeztu zuten kanpaina, Azpeitiko Sanagustin kulturgunean (Gipuzkoa), Maren Belastegi Uemako lehendakariak eta Iban Arregi BERRIA Taldeko kontseilari ordezkariak. Uemako udalerrietako herritarren postontzietara jada iristen ari dira hori iragartzen duten eskutitzak. Egun, 72 udalerri daude Ueman, eta bertan 200.000 herritar inguru bizi dira. Belastegik onartu zuen Uemako udalerrietan oraindik ere erdarazko komunikabideen kontsumoa euskarazkoen gainetik dagoela. Hori aldatzea du helburu kanpainak. «Euskarazko prentsa kontsumitzera deitu nahi ditugu herritarrak. Izan ere, euskarazko hedabideek erakundeen babesa behar dute, baita euskalgintzarena eta eragile sozialena ere. Baina, batez ere, herritarren atxikimendua da behar-beharrezkoa. Uemako herritarrok zeregin eta konpromiso berezia dugu horretan». Uemak berak, erakunde moduan, babesa agertu zien euskarazko hedabideei. «Tokiko hedabideek egindako bidea txalotu nahi dugu, baita BERRIAk egindakoa ere. Horretan du oinarri gaur elkarlanean aurkezten ari garen kanpainak».

Halako elkarlanen eta kanpainen garrantzia nabarmendu zuen Arregik. «Beharrezkoak dira irakurle berriak erakartzeko eta euskararen normalizazioan eragiten jarraitzeko». Euskararen normalizazioan hedabideak «estrategikoak» direla gogorarazi zuen. «Horien sustapenean etengabe eragin beharra dago, herritarrek euskarazko hedabideen aldeko hautua egin dezaten». Horrekin batera, ezinbestekotzat jo zuen kalitatean eta berrikuntzan eragitea. Testuinguru horretan kokatu zituen BERRIAk webgunean egindako aldaketak, baita hil amaieran aurkeztuko duen paperezko edizio berritua ere. «Hainbat hilabetetako gogoetaren ondorio dira egindako aldaketak, eta aukera ezin hobea dira euskarazko hedabideen aldeko mezua zabaltzeko». Argi azaldu zuen zein den helburua. «BERRIAlagunek, irakurleek eta iragarleek sostengatuta, bertako eta munduko berri euskaraz ematen jarraitu nahi dugu, ahalik eta euskarri gehienetan, eta ahalik eta komunitate zabalenaren sostenguarekin». BERRIA Taldeak euskarazko hedabideen sarea zabaltzeko eta sendotzeko duen konpromisoa ere berretsi zuen Arregik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.