Azkenaldian arrakasta izan duten The Killing edo Trapped telesailen antzera, eguraldiak ematen dio misterio kutsua eta indarra Presuntos Culpables thriller psikologikoari. Horregatik, aukeratu du Atresmedia Television ekoizpen etxeak Bizkaiko kostaldean grabatzea. Telesaileko ekoizleen berbetan, «denboraldiko apustua»izango da. Azaroan hasi ziren grabatzen, eta apirilera arte arituko dira. Orain, Mundakan (Bizkaia) dabiltza kanpoko eszenak grabatzen.
Telesailak Jon Aristegiren istorioa kontatzen du. Miguel Angel Muñoz aktoreak antzeztuko duen pertsonaia Parisen bizi den ikerlari bat da. Ezbehar larri baten ondorioz bere jaioterrira itzuli beharko du, eta itzulerak hainbat zauri irekiko dizkio; tartean, bere bikotea zen Anneren desagerpena. Aitor Montanchez eta Josep Cister ekoizleen esanetan, euriak eta eguraldi grisak sortzen duen giroa eta Urdaibaiko erreserbak eskaintzen dituen parajeak «ezin aproposagoak» dira telesailaren istorioa garatzeko.
Telesaileko fikziozko herria nagusiki Mundakan dago oinarrituta, baina, kostaldeko herrian ez ezik, Bermeon, Gernikan, Sukarrietan eta Mundakako itsasadarrean ere grabatu dute (Bizkaia). Ekoizleen esanetan, lan eta inbertsioa handia suposatu du grabaketak Madriletik kanpo egiteak, baina adierazi dute «ezinbestekoa» zela telesailaren izaera mantentzeko. «Lehen aldia da honelako eguraldiarekin lan egiten dugula, eta, hori dela eta, hasieran beldur ginen grabaketa ez zela nahi bezala aterako», azaldu du Cisterrek. «Oraingoz, gauzak bide onetik doaz», gaineratu du.
Euria, eguneroko kontua
Grabaketak egin dituzten beste hainbat egunetan bezala, euria ari zuen etengabe atzo. Zuzendaria eta zenbait aktore Mundakako etxe batean propio eraikitako Ertzaintzaren komisaria baten kanpoan ari ziren lanean. Kamera eta argiak aterkien eta estalkien azpian euritik babestu nahian, proba saioetan ari ziren. Eguraldiak ez zuen laguntzen teknikari eta aktoreen lana. Sortu zuen, ostera, ekoizleek eta zuzendariek bilatu nahi zuten «giro goibel eta misteriotsua».
Handik metro gutxira, Mundakako talaian, grabaketako bigarren unitate bat ari zen lanean. Urdaibaiko itsasadarra eta Mundakako olatu ospetsua atzealdean, bi pertsonaiaren arteko bilera sekretu bat ari ziren grabatzen. Itsasoaren alboan, euriaz gain, haize boladei ere egin behar izan zieten aurre. Tartean zebilen Iñigo Aranburu aktorea; Bernardo kazetaria da telesailean, Anneren desagerpena ikertzen duen kazetari «bazter nahaslea». Aranburuk azaldu zuenez, protagonistaren itzuleraren ondorioz, berriro helduko dio ikerketari, eta duen informazioa partekatuko du bere interesen arabera.
Ez da telesailean arituko den euskal aktore bakarra. Kostaldeko herriko misterioetan murgilduta egongo dira, besteak beste, Josean Bengoetxea, Itziar Atienza, Patxi Santamaria, Kiko Rossi eta Oihan Lopetegi.
Atienza Mundakan ibili zen atzo. Ainhoa Aristegiren rola antzezten du aktoreak.Herriko alkatea da, eta protagonistaren arreba zaharrena. Atienzak aurreratu zuenez, «izaera indartsuko pertsonaia» da alkatea, eta « ez dio grazia handirik» egingo Jonen itzulerak.
Atienzaren berbetan, «asmatu» egin du ekoizpen etxeak aktore euskaldunak aukeratuta. «Sinesgarritasuna eman dio istorioari, eta gure idiosinkrasia gidoietan islatzen lagundu dugu». Adibide gisa, aktoreak azaldu zuen Bizkaiko kostaldeko herri bat denez, bizkaierako formen aldeko apustua egin dutela, beraien gomendioz.
Arrakasta handiko generoa
Eguraldia izan zuen hizpide Atienzak ere: «Negu gogorra izan da, baina gogoz egin diogu aurre eguraldi txarrari». Haatik, berak ere uste du eguraldi euritsuak sortzen duen iluntasunak asko laguntzen duela istorioa girotzen, «thriller ilunetan bezala».
Thriller ilunaren generoak, egun, arrakasta duela eta, Atienzaren aburuz, Presunto Culpable telesailak ere lor lezake arrakasta bera. Aranburuk ere bat egin zuen Atienzarekin: «Ez dugu grabatzen bukatu, baina atal ezberdinetako gidoiak irakurri ditut, eta bat bukatzean gogoa pizten zaizu irakurtzen jarraitu eta hurrengoan zer gertatuko den jakiteko».
Eguraldia da aktore nagusia
'Presunto Culpable' telesaila ari dira grabatzen egunotan Mundakan. Europa iparraldeko thriller psikologikoen kutsua izango du. Hainbat euskal aktore ari dira bertan lanean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu