Eibarko 'Eta kitto!' aldizkariak 1.000. zenbakia banatuko du gaur

Astekariaren hasierako urteak gogoratu dituzte. Herritarren iritzia jaso, eta Koldo Mitxelena eta Fernando Muniozguren oroitu dituzte

urtzi urkizu
2017ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Datorren urteko abenduan beteko ditu 30 urte Eibarko (Gipuzkoa) Eta kitto! aldizkariak; euskarazko herri aldizkarien artean sortzen bigarrena izan zen. Izen bereko euskara elkarteak argitaratzen eta banatzen du astero, eta gaur zenbaki berezia aterako du: 1.000. zenbakia. Idurre Iriondo marrazkilariaren irudian, adin ezberdinetako lau herritar ageri dira aldizkaria irakurtzen, eta 1.000 esker danori!! izenburua irakur daiteke. Ana Aizpurua aldizkariaren koordinatzaileak azal horren zergatia azaldu du: «Eskerrak eman nahi dizkiegu irakurle guztiei, irakurlerik gabe ezinezkoa izango zelako proiektuarekin aurrera egitea».

Zenbaki berezia jasoko dute gaur irakurleek, eta Aizpuruk nabarmendu du aldizkariaren hasierako urteen errepasoa egin dutela: «1990eko hamarkadan Eibarren gertatutakoak ere azaldu ditugu, garai hartako albisteekin. Gainera, aldizkariaren lehenengo urte haietan kazetaritza ofizioa ikasten ibilitako sei ikasleren artikuluak jaso ditugu». Herritarrengana ere jo dute, aldizkariaz duten iritzia galdetzeko. Aizpuruak nabarmendu du, halaber, informazio praktikoa ematen saiatu direla: «Non gaude, nola jarri gurekin harremanetan, zer egin behar da aldizkaria etxean jasotzeko eta abar. Aipatutako eduki horiek guztiak egungo eta aspaldiko argazkiekin osatu ditugu».

Aldizkariarentzat garrantzitsuak izan diren bi pertsona oroitu dituzte, halaber, 1.000. zenbakian: Fernando Muniozguren Eta kitto! aldizkariaren eta euskara elkartearen sortzailea —2006an hil zen— eta Koldo Mitxelena Eta kitto!-ko koordinatzailea 1998-2014 epean —2014an hil zen—.

Era berean, hainbat lagunen artikuluak irakur daitezke zenbaki berezian: Beatriz Zabalondo EHUko irakaslea eta BERRIA Taldeko lehendakaria, Ainara Argoitia ...eta kitto! euskara elkarteko presidentea, Silbia Hernandez aldizkariko erredaktore burua eta Miguel de los Toyos Eibarko alkatea. «Eskerrik asko eibartarrok geuria egin dogun argitalpen hau gure izateko moduaren ispillua dalako», idatzi du alkateak.

8.100 ale inguru astero

Hilabetekaria izan zen lehen hiru urteetan Eta kitto, aurreneko 31 zenbakietan. 5.000 ale banatzen zituzten hasiera haietan. 1992ko maiatzean, hamabostekaria bilakatu zen, eta horrela argitaratu zituzten beste 39 zenbaki. Aizpuruak gogorarazi du 1994ko maiatzean kaleratu zutela lehen zenbakia astekari moduan. «Azala koloretan kaleratu zen lehen aldiz. 71. zenbakia zen». 1996an, berriz, Txikitto! haurrentzako hilabetekaria argitaratzeari ekin zioten. 2004an, egoitza aldatu zuten: Merkatu plazakoa utzi, eta Urkizu kalekora pasatu ziren. 2008an, astekari osoa koloretan kaleratzen hasi ziren. Aldizkariko koordinatzaileak dio urteotan ale kopuruak «etengabe» egin duela gorantz : «Gaur egun, 8.100-8.150 aldizkari inprimatzen ditugu astero».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.