Ana Aizpurua. 'Eta kitto!' aldizkariaren koordinatzailea

«Eibarko euskaran ere aritzeak gertutasuna eta nortasuna ematen du»

Abenduan, diseinua berritu zuen paperean eta Interneten Eibarko 'Eta kitto!' aldizkariak. Lau orrialde gehiago ditu orain astekariak. Herritarren parte hartzea sustatzen jarraituko duela dio Aizpuruak.

GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
urtzi urkizu
2016ko martxoaren 11
00:00
Entzun
1988. urtean, Eta kitto! aldizkaria sortzeko prozesuan parte hartu zuen Ana Aizpuruak (Eibar, Gipuzkoa, 1969). Beste lan batzuetan aritu zen gero. 2014ko irailean itzuli zen aldizkarira, elkarteak hala eskatuta. Koldo Mitxelena koordinatzaile zenaren izena erredakzioan maiz ateratzen dela nabarmendu du.

Abenduan berritu zenuten aldizkaria. Garbiagoa da orain. Zertan saiatu zarete aldaketekin?

Aurreko hiru urteetan, oinarritzat 24 orrialde izan genituen astero. Abenduan beste lau orrialde sartu ditugu; krisiaren eraginez, 2012an kendu egin behar izan genituen lau orrialde. Berritze estetikoarekin batera, atal berriak sartu ditugu. Estetikoki garbitasunaren alde egin dugu. Zutabegileen figura ere indartu dugu, eta, hemendik aurrera, bizpahiru sinadura izaten saiatuko gara. Komiki bat gehitu dugu, bi astean behin argitaratzen dena. Eibarko pertsonaia historikoen karikaturak ere ateratzen ari gara, hiru astean behin.

Aldizkaria orain erakargarriagoa dela esan daiteke?

Bai. Sinpletasunaren aldekoa naiz, baina, aldi berean, gauza deigarriak eta erakargarriak eskaintzearen aldekoa. Argazkiak handiagoak izan daitezen saiatzen ari gara, irakurleek esaten baitziguten argazkiak txikiak zirela. Kontuan izan behar da Eibarren informazio asko sortzen dela. Baina, lau orrialde hauekin, lortu dugu espazioei arnasa ematea. Beste garbitasun eta itxura bat du orain aldizkariak.

Zer diote Eibarko irakurleek?

Orain arte, iritzi onak eman dizkigute. Produktua lehengo bera da, baina ñabardura batzuekin. Gazteentzako orrialdeei ere freskotasuna eman diegu.

Datozen hilabeteetan aldaketa gehiago egingo dituzue?

Kolaboratzaile sarea osatzen ari gara, herriko jendeak proiektuan parte hartzea nahi baitugu. Parte hartzea sustatuko dugu, eta hortik iritsiko dira berrikuntzak.

Hizkuntzaren ikuspegitik, berezia da Eta kitto!, hainbat artikulu tokiko euskalkian argitaratzen baitira. Zer abantaila eta desabantaila ditu horrek?

Aldizkariak arrakasta baldin badauka, herriko berriak lantzen ditugulako dauka, eta euskaraz delako. 14.000 lagunek irakurtzen dute astero. Eibarko euskararen erabilerak gertutasun handiagoa ematen dio. Gertutasuna, eta nortasuna ere bai. Aldizkaria duela 27 urte sortu zenetik zuzendaritzak eta lantaldeak argi izan zuen herriko euskararen erabilera bultzatu egin behar zela. Apustu handia egin zen; eztabaida asko izan ziren tartean. Lantalde batzuk sortu ziren aldizkarian, nola idatzi behar zen arautzeko. Lan astuna izan zen guztia arautzea. Gaur egun, normaltasunez irakurtzen da Eibarko euskaran. Azkeneko hilabeteetan, artikuluen laurdenak argitaratzen dira tokiko euskaran. Nabarmendu nahiko nuke Eibarko euskalkian argitaratutako testuak ez direla gai jakin batzuetara mugatzen.

Eibarko euskaldunak batzea lortzen du Eta kitto! astekariak. Zer gehiago egin dezake batzearen alde?

Beti egin daitezke gauza asko, eta horretan ari gara. Herriko eragile askok aldizkaria erabiltzen dute tresna moduan, euren gorabeheren berri emateko. Herriaren oihartzuna gara. Sare bat sortzen da denen artean. Paperezko astekariaz gain, webgunearen, sare sozialen eta elkartearen bitartez ere funtsezko lana egiten dugu Eibarko euskaldunentzat.

Irakurleek gero eta gehiago kontsumitzen dituzte tokiko komunikabideak gailu eramangarrien bidez. Nola egokituko zarete?

Urteak daramatzagu sare sozialak lantzen, eta hori da gure erronketako bat. Jarraitzaile asko ditugu Facebooken: 2.000 baino gehiago. Webgunearen bisitak ere gero eta gehiago dira abenduan berritu genuenetik. Espero dugu pixkanaka-pixkanaka Interneteko irakurleak ugarituz joatea. Webgune berriak aukera gehiago ematen dizkigu, dinamikoagoa da, eta euskara elkartearen parte bat da. Elkartean egitasmo eta jarduera asko egiten dira urte guztian euskararen alde, eta webgunean hori islatu behar da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.