Komunikazioa

EITBk ez du gonbidatu Amaiur koalizioa azkeneko bi eztabaidetara

Aurreko astean sei alderditako hautagaiekin egin zituzten eztabaidak; atzo eta gaur, hirurekin

Amaiurreko Maite Aristegi ETB1eko eztabaidan izan zen joan den astean, beste bost hautagairekin batera. EITB.
urtzi urkizu
Donostia
2011ko azaroaren 17a
00:00
Entzun
PSE, EAJ eta PPko hautagaiekin egin zuten atzo gauean ETB1eko eztabaida. Eta gaur, ETB2 katean hiru alderdi horietako ordezkariak izango dira mahaiaren inguruan, 22:15ean: Eduardo Madina, Josu Erkoreka eta Alfonso Alonso izango dira solaskideak. Eztabaidaren ostean, lau kazetariren analisirako tartea iritsiko da.

Azken egunotako inkestetan, aipatutako hiru alderdi horien pareko emaitzak iragartzen dizkiote Amaiur koalizioari, eta kasu batzuetan, hobeak. Baina EITBk ez du aintzat hartu errealitate hori, eta Amaiur ez dute gonbidatu kanpainako bigarren asteko eztabaidetara. Aurreko astean eztabaidetan sei alderditako hautagaiak izan ziren: PSE, PP, EAJ, Amaiur, UPD eta Ezker Anitza. Aste honetan, berriz, seitik hirura apaldu da alderdien kopurua.

EITBko zuzendaritza nagusiak hauteskundeei buruzko informazio tarteak arautzeko testu bat proposatu zion administrazio kontseiluari. PSE, EAJ eta PPren aldeko botoekin egin zuen aurrera proposamenak. Eta testuak honela dio eztabaiden alorrean: «Eztabaidak antolatzeko garaian, Hauteskunde Batzorde Zentralaren martxoaren 24ko 4/2011 jarraibidearen arabera eta berdintasunaren printzipioa bermatzeko, aniztasun politiko eta soziala errespetatzeko, eta informazioaren proportzionaltasun eta neutraltasun printzipioak betetzeko, kontuan hartuko dira, bereziki, 2008ko hauteskunde orokorretan ordezkaritza lortu zuten alderdiak eta aipatutako hauteskundeen parte hartu zuten alderdiek osatutako koalizioak edo alderdiak».

Edorta Arana EHUko irakasleak goiena.net/blogak/hamaika blogean hau galdetu zuen duela bi aste: «Argazkia goitik ikusita, justifikagarria al litzateke, zerbitzu publikoaren izenean, gauzak dauden moduan Amaiur izan daitekeenean indar nagusienetakoa, eztabaida saioetatik kanpo egotea?».

Amaiur eztabaidetatik kanpo uztea justifikatu egin du PSEko legebiltzarkide eta EITBko administrazio kontseiluko kide Carlos Gorostizak: «Hauteskunde batzordeak argi uzten du pluraltasun eta proportzionaltasun printzipioak errespetatu behar direla. EITBko zuzendaritzak erabaki zuen eztabaida bat sei alderdirekin egitea, pluraltasuna errespetatuz. Eta beste bat hiru alderdirekin, proportzionaltasuna errespetatuz; hau da, aurreko hauteskundeetako emaitzak aintzat hartuz». Administrazio kontseiluan gehiengoak onartu zuen proposamen hori.

Interes informatiboak gidatuta hiruko eztabaida bat egin beharrean laukoa antolatzeko aukeraz galdetu, eta PSEko legebiltzarkideak honela erantzun du: «Niretzat, interes informatiboa biko eztabaidak izango luke, PSE-PP eztabaida batek. Interesgarriagoa izango litzateke. Baina onartzen dut EITBko zuzendaritzak aurreko hauteskundeen emaitzen gaineko proportzionaltasuna aintzat hartu eta hirukoa egitea».

Hauteskundeen propagandarako doako tarteetan, PSEk eta EAJk 45 minutu dituzte, PPk 30, Ezker Anitzak eta UPDk 15, eta Amaiurrek 10. «Legean oinarritutako denborak dira. Administrazio kontseiluan ez zen inolako eztabaidarik izan, eta ez dago eztabaidatzeko ezer», azaldu du Gorostizak.

Roberto Montalvillo ETBko albistegi buruak azaldu du administrazio kontseiluak erabaki dituela eztabaida eta elkarrizketen tarteak, eta berakerrespetatu egin behar dituela.

Hauteskunde elkarrizketetan, hiru egingo dizkiote PSEri eta EAJri, bi PPri eta bakarra Ezker Anitzari, UPDri eta Amaiurri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.