EITB

EITBk Makusi sortu du, «haurrentzako plataforma segurua»

Plataformak ehun telesailen 5.800 atal baino gehiago eta 120 film ditu katalogoan. Makusi kluba ere sortu dute, eta kide egitea doakoa da.

Makusi plataforma aurkeztu dute Donostian. IDOIA ZABALETA / FOKU
Makusi plataforma aurkeztu dute Donostian. IDOIA ZABALETA / FOKU
urtzi urkizu
Donostia
2024ko apirilaren 26a
13:00
Entzun

Haur eta gaztetxoentzako euskarazko unibertso digital bat osatu du EITB taldeak: Makusi. Abian da jada Makusi, haurrentzako euskarazko lehen plataforma digitala. Sakelakoetarako, tabletetarako, webguneetarako eta telebista konektatuetarako prestatua egongo da plataforma berria. Hain zuzen ere,www.makusi.euswebgunea dago, batetik, eta aplikazioa doan deskargatu daiteke Google Play eta App Store dendetan, bestetik. Edukiak ikusteko, nahikoa da erregistratzea.

Erabiltzaileek, erregistratzeko orduan, adina jarri behar dute. Hala, adin tarte bakoitzari eduki eskaintza berezitua egingo dio Makusik: 0-4 urte artekoak, 5-8 urte artekoak eta 8 urtetik gorakoak. Hiru tarte horiek bereizi dituzte, eskaintza pertsonalizatuagoa egiteko asmoz. Mediapro taldeak garatu du plataforma arlo teknologikoan.

EITBk sortutako komunitate berri horretan, entretenimendua izango da nagusi, euskaraz. Haurrek, gainera, «modu seguruan» biziko dituzte Interneteko esperientziak.

Gaur aurkeztu dute Makusi, Donostiako Kursaalean. «Aro digital berrian zeharo murgilduta gaude», esan du Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusiak. «Helburua da euskararen eta euskal ikus-entzunezko edukien bermea izatea, gure komunikabideekin erreferente izaten jarraitzea eta egungo mundu digitalarekin konektatzea». Iazko irailean, Primeran plataforma jarri zuen abian talde publikoak. Primeran-en 100.000 harpidedunen langa gainditzetik gertu daudela aipatu du Aldekoak. «Gaur, berriz, Makusi plataforma aurkezten diogu euskal gizarteari. Haur eta gaztetxoek Makusirekin bat egitea da gure asmoa, esperientzia digital erakargarri eta seguruaren bidez». Makusi kluba ere sortu dute; aurretik Hiru klubeko kide zirenak Makusi klubeko kide bilakatuko dira orain. «Makusi klubaren esperientzia eta parte hartze fisikoa funtsezkoa da etorkizunean ikus-entzunezko kontsumoa euskaraz egingo duen haur komunitate bat sortzeko». Makusik ekitaldien agenda propioa izango du, baita sare sozialetako kontu propioak ere Instagram-en eta Tiktok-en.

Nerea Zendoia da Makusi ekosistema osoaren arduraduna. Azaldu duenez, Makusi plataforman 120 film ikusi ahalko dira, eta baita ehun telesail edo saioren 5.800 atal baino gehiago ere. 1.700 ordu euskaraz daude ikusgai Makusin; horietatik, 1.600 euskarara bikoiztutako edukiak dira. «Barne ekoizpeneko saioak ere izango ditugu: Potx eta Lotx pailazoen programa, Kalaxka gaztetxoentzako aktualitateko magazina eta Power Up fikziozko telesaila». Atzerriko fikzio berria ere iritsiko da plataformara: gaur bertan, Izugarria eta hiri ikusezina eta Bila nazazu Parisen telesailak estreinatu dituzte, euskarara bikoiztuta; lehena 5-7 urte artekoentzat da, eta bigarrena, 8 urtetik gorakoentzat.

Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusia Makusiren aurkezpenean.
Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusia Makusiren aurkezpenean, Donostian. IDOIA ZABALETA / FOKU

Gailu eramangarrietan eta ordenagailuan ikusgai daude jada Makusiren edukiak.  «Datozen asteetan telebista konektatuetan ikusteko modua ere izango da», azaldu du Zendoiak.

'Go!azen'-en aritutakoak

Makusi plataformako edukietan, saio bakoitzak sustatzen dituen balioen fitxa bat erakutsiko dute. Modu horretan, EITBk apustua egin nahi du «zerbitzu publiko gisa gizartea eraldatzeko».

Aipatutako barne ekoizpeneko saio batzuetan, Go!azen telesailean aritutako aktore gazteak azalduko dira. Kalaxka magazina Aritz Mendiola aktore eta musikariak aurkeztuko du, eta Anepe Acedorekin batera ariko da. Power Up fikziozko telesailak bideojokoen mundua izango du oinarri, eta protagonista Marina Ostolaza izango da —Go!azen-en azkeneko denboraldian parte hartu du—. Eta telesail horren bideokliparen kanta Ainhoa Larrañagak abestu du. Hain zuzen ere, Larrañaga eta Mendiola aritu dira gaurko ekitaldia aurkezten.

Pailazoak ez dira faltako Makusiren eskaintzan: Potx eta Lotx pailazoek txikienentzako programa bat egingo dute, eta aurkezle lanak Nerea Mazo aktoreak egingo ditu. Gainera, saio horretako lagunak Euskal Herrian barna ibiliko dira, eta talentu berrien bila ere ariko dira.

Makusi klubeko kideek abantaila ugari izango dituztela iragarri du Zendoiak: zozketak eta lehiaketak izango dira, ikuskizunetarako sarrerak eta abar. 

Aldekoak azaldu duenez, datozen hilabeteetan berrikuntza gehiago iritsiko dira EITB taldearen eskutik. «Guau sortuko dugu, gure audioak modu erraz eta erakargarrian entzuteko plataforma». Gainera, www.eitb.eus webgunea berritu egingo dute laster. «Webguneak esperientzia digital espezializatua eskainiko du. Sakelakoak jomugan izango ditu webgune berriak».

Makusi aurkezteko festa Donostiako Kursaalean egingo dute, gaur 19:00etan —sarrerak bukatu dira—. Eta ETB1ek 21:00etatik 22:00etara emango du ekitaldi hori. Gauean, argi ikuskizun bat egingo dute, 120 dronerekin, Saguesen.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.