EITBk 'Sara eta Paulen abenturak' haurrentzako podcasta emango du

Audio fikzioa 6-13 urte artekoei zuzendua dago. Uztailaren 4tik 15era estreinatuko dituzte atalak

Maite Goñi EITBko Audio eta Digitaleko zuzendaria, Ana Roncero Gasteizko IBT-CRI zentroko zuzendaria eta Ana Inda Bilboko IBT-CRI zentroko zuzendaria, atzo, Gasteizen, audio fikzio berriaren aurkezpenean. EITB.
urtzi urkizu
2022ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
EITB Podkast plataformak neska-mutikoei zuzendutako euskarazko audio fikzio bat estreinatuko du uztailaren 4an: Sara eta Paulen abenturak. Bernardo Atxaga idazlearen Logalea zeukan ekilibristaren kasua antzezlanean oinarrituta dago. Iñaki Beraetxe aktore eta bikoiztaileak zuzendu du lana, eta harena da gidoiaren egokitzapena. Ahotsak aktore eta bikoiztaile hauek jarri dituzte: Lorea Intxaustik, Kepa Errastik, Itziar Urretabizkaiak, Ainhoa Aierbek, Joxe Felipe Auzmendik, Aintzane Gamizek eta Beraetxek berak.

Fikzioa 6 urtetik 13 urte arteko entzule gazteentzat da, eta «bizikidetza inklusiboa» bultzatzeko helburuarekin sortutako edukia da. Izan ere, Sara neska itsua da, talentu apartekoa eta lagunkoia. Eta Paul, berriz, eskolan bullying-aren biktima den mutikoa, hitz totela, hortzeria itsusikoa... baina mutil baikorra, hala ere.

Zirkuaren karpa handia herrian jarri dutela aprobetxatuta joango dira 13 urteko bi protagonistak ikuskizunaz gozatzera. Sara itsua denez, Paulen kontaketari esker ikusiko du bertan gertatzen dena —podcastaren entzuleek bezala—. Ikuskizun eta ikuskizun artean neskaren glaukoma, azterketak, gurasoen dibortzioa, ebakuntzak, seme bakarra izatea, harremanak eta bullying-a bezalako gaiak azaleratuko dira. Beraz, EITBren arabera, inklusioa «modu naturalean arnasten da» lan horretan.

Atxagaren ipuina audio fikzioko podcastera egokitu du Beraetxek, 12 ataletan banatuta. Horietan, ipuineko jatorrizko pertsonaiak ere ageri dira: Maria Txorakeri señorita, Pierres Chanpignon, Banbolini... Sara eta Paul ikustera joango diren zirku ikuskizuneko artista gisa.

Sara eta Paulen atal guztiak uztailaren 4tik 15era argitaratuko dituzte EITB Podkast atarian, egunero atal berri bat; eta hortik aurrera noiznahi entzuteko aukera izango da, plataforman bertan. Baita Spotify, Google Podcasts, Apple Podcasts eta Ivoox plataformetan ere. Podcastaren ekoizpena Irune Urdanizena da, soinu teknikaria Xabier Abalde da, eta soinu diseinuaz, berriz, Mikel Mendiaraz arduratu da.

Bideopodcast berriak

EITB Podkast plataforman estreinatu aurretik, sail osoa aldez aurretik eskaini die EITBk Eusko Jaurlaritzako IBT-CRI zentroei, ikusteko urritasuna duten ikasleekin eta euren irakasle, familia eta elkarteekin lan egiteko.

Atzo egin zuten aliantza horren aurkezpena, eta bertan izan ziren Maite Goñi EITBko Audio eta Digitaleko zuzendaria, Ana Roncero Gasteizko IBT-CRI zentroko zuzendaria eta Ana Inda Bilboko IBT-CRI zentroko zuzendaria. EAEko ONCEk ere bat egin du proiektua zabaltzeko deiarekin.

Uztailaren 18an, bestalde, EITBPodkast plataforma neska-mutikoentzako hainbat bidepodcast sareratzen hasiko da. OQO eta Txalaparta argitaletxeen bost ipuin izango dira, nazioarteko idazleek idatzi eta euskarara ekarritakoak, ilustrazio animatuekin plataforman zein YouTuben ikusteko moduan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.