Komunikazioa

EITBko 150 langile kaleratzeko ikerketa bat du eskuetan Urgellek

Madrilgo enpresa batek eginiko txosten horren arabera, Miramongo estudioak ixtea komeni zaio EITBri

Erredakzioa
Donostia
2011ko irailaren 7a
00:00
Entzun
Krisi ekonomikoari aurre egiteko, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak EITBren gaineko ikerketa bat egiteko eskatu dio Madrilgo Tableronde SLNE enpresari. Ikerketaren egileek gomendatu dute EITBko 150 langile kaleratzea: egungo 1.034 langileen ordez, 884 langile izatea. Kalte-ordainak, batez beste, 61.650 eurokoak izango lirateke langileko; kalte-ordain guztien kostua bederatzi milioi eurotik gorakoa litzateke. EITB taldeak 8.881.000 euro aurreztuko lituzke urtean, kaleratze horiek egin ostean. Ikerketa horren berri Noticias taldeko egunkariek eman zuten atzo.

Lantaldearen murrizketaren ondorioak arintze aldera, 55 urtetik gorako langileentzat erretiro aurreratuen plan bat planteatu dute txostenean; 140 langile dira adin horretakoak. Bestetik, 200 langile daude aldi baterako kontratuekin, eta horiek kaleratzeak kostu txikiagoa ekarriko luke.

EITB taldeko langile bakoitzaren urteko gastua —gizarte segurantza barne— 59.087 eurokoa da. Urgellek eskatutako ikerketan, urteko gastu hori 52.215 eurora jaistea aholkatu dute.

Lantaldearen murrizketa da ikerketaren ardatza, baina ez dituzte baztertu beste aukera batzuk. Esate baterako, gomendatu dute Miramongo ekoizpen zentroa ixtea. «Zentro horretako jardueraren parte bat 2007an Iurretatik Bilbora egindako lekualdaketaren parte da», dio txostenak. Hala, erredakzio bakar bat egotea proposatzen du ikerketak, 374 kazetariz osatua.

Radio Vitoriaren desagertzea ere planteatu dute ikerketan, eta Gasteizko irratia Radio Euskadin integratzea.

EAJk Urgell eta Surioren agerraldia eskatu du Eusko Legebiltzarrean, argitaratutako afera honetaz azalpenak eman ditzaten. Horren harira, Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak iragarri du Urgellek eta Suriok Eusko Legebiltzarrean azalpenak emango dituztela EITBren etorkizunaz, «haiek propio eskatuta».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.