Komunikazioa. Euskal komunikazioa eta sare sozialak (IV). Lontzo Sainz. 'EITB.com'-eko Working burua

«EITBn argi dugu jendea dagoen lekuan egon beharra dugula»

Social Media, blogak eta beste webekiko elkarlana dira Sainzen ardurak.

urtzi urkizu
2011ko urriaren 30a
00:00
Entzun
1989. urtetik lan egiten du EITBn Lontzo Sainzek (Bilbo, 1966). Garai batean prentsa arduraduna izan zen. Azkeneko urteetan, berriz, Interneteko gaietan murgilduta dabil, buru-belarri.

Zer garrantzi ematen diezue EITB taldean sare sozialei?

Daukaten garrantzia. Duela urte pare bat hasi ginen estrategia lantzen, sare sozialetan zer pauso eman behar genituen erabakitzeko, eta bide horri ekin genion. Gure helburuak zehazten ditugu, kontuan izanik jendea dagoen lekuetan egon beharra daukagula.

EITBko edukiak zabaltzeko, tresna egokiak al dira sare sozialak?

Bai. Bi helburu nagusi ditugu: batetik, edukiak zabaltzeko tresna gisa hartzea sare sozialak eta, bestetik, elkarrizketarako leku aproposa dela aintzat hartzea. Biak banaezinak eta oso garrantzitsuak dira. Balioa sortzen dugu EITB talderako, Interneten duen komunikabiderako. Bestalde, elkarrizketari adi egon behar dugu eta marka esperientzia zabaldu. Telebista saio batek emisio mugatua du. EITB Nahieran-ekin nahi duzunean eta nahi beste ikus dezakezu. Eta sare sozialekin produktu batekin harremanetan egoteko aukera zabalagoa daukazu. Irratiko jendeak berehala ulertu du hori. Telebista ikusleak neurtzeko modua audimetroen bidez da. Irratiko entzuleak neurtzekoa, berriz, inkestak. EGM eta CIESerako markaren gogorapenak balio du, eta marka Interneten zabaltzen baduzu, aukera dago jendeak zurekin denbora gehiago pasatzeko. Eta inkestetan, hartzaile horiek gehiago aipatuko dute zure saioa. Jendeak esaten duenari ere adi egon behar dugu.

EITB.com-eko bisitetan zer portzentaje iristen zaizue Facebooketik eta Twitterretik?

%15 inguru, eta dezente da. Gehienak Facebooketik datoz; bisita horietatik %80tik gora. Twitter eta Tuenti sareetatik datoz besteak. Iaztik hona EITB.com-eko bisitari kopurua %40 hazi da. Portzentaje horretan segitzen badu sare sozialetatik iristen den trafikoak, esan dezakegu sare sozialetatik datozenak ere ugaritzen ari direla.

Zer erabilgarritasun dute sare sozialek kazetarientzat?

Banandu egingo nituzke Facebook eta Twitter. Niretzat, sarerik erabilgarriena kazetariaren lanerako Twitter da. Tresnak berak esaten dizu. Facebookek galdetzen dizu: «Zer ari zara pentsatzen?». Eta Twitterrek: «Zer ari da gertatzen?». Bati intimitatea dagokio gehiago, eta bestea informazio sare global gisa har daiteke. Jakin behar da sare sozial bakoitza zer unetan eta nola erabili. Komunitateak sortu eta edukiak elkarri banatzeko ere balio dute bi sareek.

Google+ sare sozial berriari buruz zer iritzi duzu?

Lehen zegoen zerbitzu bati, Facebooki, aurre egin dio, horixe egin du Googlek. Dena leku bakar batean jartzeko aukera eman nahi du. Asko gustatzen zaidan esaldi bat honako hau da: «Jendeak nahi duena egiten du». Zorionez, eta sare sozialetan, are gehiago.Profesionalentzat baliagarria da Google+. Eta Google, behintzat, saiatzen ari da, baina etorkizunean ez dakit zer balio izango duen.

Frantziako Tourrean Txio esperientzia probatu zenuten. Zer moduz joan zen eta gehiago garatuko al duzue?

Esperientzia aitzindaria izan zen. Nahi genuke, hortik tiraka, azaroaren 20ko hauteskunde gauean gauza bera egin. Jario aberastuaeskaintzen du Txiok, zerrenda itxi batetik. CodeSyntaxen Umapen bitartez balio erantsia ematen dio. Probak egitea da kontua, eta ez dago jakiterik zer funtziona dezakeen. Komunikabide publikoa garen aldetik, argi dut horrelakoetan saiatu behar dugula.

Hainbat telebista saiotan, gero eta gehiago txertatzen dira sare sozialetan idazten diren mezuak. Nola ikusten duzu txertatze hori?

Hortik jo beharko dugu. Telebista konektatuen mundua asko aipatzen da. Aitzindariak horretan Nickdutnik saiokoak izan ziren. Horren haritik beste programa batzuk hasi dira horrelakoak egiten, batez ere Twitterrekin. Facebookekin egitea zailagoa da,lege kontuengatik batez ere. SMSak gutxitzen ari dira, eta Twitter mezuak idaztea doakoa da. Etorkizunean telebista konektatuetan horrelako tresnak oso erabilgarriak izango dira.

EITB Nahieran gehiago erabiliko al da telebista konektatuekin?

Bai, argi dago. Urrian ia 100.000 lagunek erabili dute EITB Nahieran. Beta fasean dago oraindik, eta leiho garrantzitsua bilakatzen ari da. Haren diseinuaren barruan ere, Iñako Gurrutxagak argi zuen telebista Internet bidez ikusteko modua eskaini behar zuela. Pantaila eta menua agertzeko modua telebista bat bezalakoa da, eta bide horretatik joko dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.