RTVE

Concepcion Cascajosa izango da RTVEko presidente berria

RTVEko edukien arduradun Jose Pablo Lopez kargutik kendu zuten atzo taldeko administrazio kontseiluan, Elena Sanchez ordura arteko presidentearen botoarekin. Ondotik, Sanchez bera kendu zuen administrazio kontseiluak.

Concepcion Cascajosa, Iruñean, 2019an. IÑIGO URIZ / FOKU
Concepcion Cascajosa, Iruñean, 2019an. IÑIGO URIZ / FOKU
urtzi urkizu
2024ko martxoaren 27a
11:10
Entzun

RTVEko administrazio kontseiluak Jose Pablo Lopez RTVEko edukien zuzendaria kargutik kendu zuen atzo, PPko kontseilarien eta Elena Sanchez behin-behineko presidentearen botoekin. Ondotik, Roberto Lakidain kontseilariak (Podemos) bozketa bat egitea proposatu zuen Sanchez kargutik kentzeko. Eta bozketa horrek aldeko nahiko boto izan zituen Sanchez presidente karguaz gabetzeko.

RTVEko administrazio kontseiluko kideak gaur bildu dira berriz, eta Concepcion Cascajosa (L’Hospitalet de Llobregat, Katalunia, 1979) izendatu dute presidente. Cascajosa RTVEko Berdintasunaren Behatokiko presidentea zen orain arte. Ikus-entzunezko komunikazioan doktorea da, eta bederatzi liburu idatzi edo editatu ditu. PSOEk proposatutako hautagaia izan da Cascajosa, eta, oraingoz, sei hilabetez arituko da karguan.

RTVEk prozesu bat abiarazi zuen 2018an: adituen batzorde batek hogei hautagai aukeratu zituen, RTVEko administrazio kontseilua osatu eta handik denbora batera presidentea aukeratzeko. Lehiaketa publiko bat egitea zen hurrengo pausoa presidentea izendatzeko. Baina prozesu hori eten egin zen, eta 2021ean Espainiako Kongresuko zenbait alderdi politikok (PSOE, PP, Unidas Podemos eta EAJ) akordioa erdietsi zuten administrazio kontseilua osatu eta beren kontseilariak banatzeko. 2021eko martxoan, Jose Manuel Perez Tornero izendatu zuten presidente, baina hark kargua utzi zuen 2022ko irailean. Orduz geroztik, Elena Sanchez behin-behineko presidentea izan da, atzo kargutik kendu zuten arte.

Elena Sanchez, atzo, RTVEko administrazio kontseiluan.BORJA SANCHEZ-TRILLO / EFE
Elena Sanchez, atzo, RTVEko administrazio kontseiluan. BORJA SANCHEZ-TRILLO / EFE

RTVEko administrazio kontseiluan eztabaidatzen ari diren beste gai bat David Broncano aurkezlearen fitxaketa da. Egoera politikoa eta alderdien arteko lehia funtsezkoak gertatzen ari dira Espainiako irrati-telebista publikoaren gidaritzari begira. Testuinguru horretan, UGT sindikatuak eskatu du ez jarraitzeko behin-behineko halako formulekin. Irrati eta telebista publikoaren «gobernurik eza» amaitzeko eskatu diete TVEko eta RNEko albistegietako kontseiluek alderdi politikoei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.