Emaitzen berri emateko prest

BERRIAk eta EITBk hauteskunde egunaren eta emaitzen zuzeneko kontaketa egingo dute

Santiago Abascal, Yolanda Diaz eta Pedro Sanchez, aste honetan TVEn egindako debatean. JUANJO MARTIN / EFE.
Amaia Jimenez Larrea.
2023ko uztailaren 22a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Herritar asko eta asko oporretan harrapatuko baditu ere, bihar izango dira Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Modu berezian jorratu da hauteskunde kanpaina euskal hedabideetan,eta hauteskunde egunean ere emaitzak, erreakzioak eta adierazpenak jasotzeko arituko dira lanean.

BERRIAk, beste astelehen batzuetan ez bezala, egunkaria argitaratuko du, bozen xehetasun guztiak biltzeko asmoz. Bai paperak eta bai www.berria.eus webguneak bi muin nagusi izango ditu: batetik, hego Euskal Herriko emaitzak lurraldez lurralde eta herriz herri aztertuko dira;eta, bestetik, emaitza horiek Espainiako Gobernuan zer eragin izango duten. Hori guztia infografiaz eta datuez lagunduta egongo da.

Bestalde, berriemaile berezi bat izango da Madrilen, Mikel Elkoroberezibar Beloki kazetaria. Berak egingo diu hauteskunde eguneko kronikak handik, eta emaitzen ostean hirian sumatzen den giroa ere azalduko du. Asteazkena bitarte egongo da Madrilen, eta hango eragileek hauteskundeen inguruan egiten dituzten analisien berri emango die irakurleei.

Webguneari dagokionez, Kaiera martxan jarriko da, unean-uneko albisteak, datuak, adierazpenak eta bestelakoak jasotzeko asmoz. Martxelo Otamendik, BERRIAko zuzendari ohiak, iruzkin analitikoak ere egingo ditu bertan. Berria telebistak, webguneko Motzean atalerako eta sare sozialetarako emaitzen inguruko bideoak kaleratuko ditu.

EITBk ere hauteskundeegunaren berri emango du. Egunak emango duena azaltzeaz gain, saio bereziak eskainiko dituzte, bai irratietan eta bai telebistetan.

Gauerdira arte

Hauteslekuak irekitzen direnetik, zuzeneko kontaketa egingo dute www.eitb.eus webgunean. Gainera, gauean emaitzak zuzenean kontsultatzeko aukera egongo da. Gertatzen den guztia argazkiz, bideoz, testuz eta audioz lagunduta egongo da.

ETB1en 19:45etik aurrera, saio berezi bat gidatuko dute Xabier Usabiagak eta Nerea Reparazek. Datuak interpretatzeko, Endika Nuñez, Iñaki Galdos, Eider Alkorta eta Maite Ubiria izango dituzte gonbidatu gisa. ETB2n, Juan Carlos Etxeberriak eta Africa Baetak aurkeztuko dute saioa, 19:35ean hasita. Eva Silvan, Naiara Barredo eta Estitxu Garaik egingo dute ateratako datuen analisia. Gauerdira arte luzatuko dira saioak, eta streaming bidez ere ikusiahal izango dira EITBren webgunean.

EITB taldeko irratiek ere hauteskunde gaueko albistegi bereziak izango dituzte. Euskadi Irratian, Maite Artola eta Iñigo Alustiza izango dira gidari, eta Radio Euskadin eta Radio Vitorian, Dani Alvarez. Gonbidatuak ere izango dituzte saioetan. 20:00etan, EITB taldeko hedabideek botoen eta ordezkaritzaren kalkuluen berri emango dute, FORTAk (Irrati eta Telebista Autonomikoen Organismoen Federazioa) egingo duen galdeketaren bidez.

Hamaika telebistak, berriz, ez du hauteskunde egunaren emankizun berezirik egingo. Hala ere, asteleheneko 14:00etako albistegian emaitzen inguruko albisteak, adierazpenak eta analisiak bilduko dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.