Erakusketa bat Zintzilik irratiaren 40. urteurrena ospatzeko

Errenteriako Xenpelar etxean erakusketa bat zabaldu dute, irrati librea zer izan den azaltzeko. Maiatzaren 10era arte ikusi ahalko da.

Errenteriako Zintzilik irratiari buruzko erakusketa. ZINTZILIK
Errenteriako Zintzilik irratiari buruzko erakusketa. ZINTZILIK
urtzi urkizu
2025eko apirilaren 29a
10:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Lau hamarkada luze joan dira Euskal Herrian lehen irrati libreak martxan jarri zirenetik. Iruñeko Eguzki irratiaren 40 urteen inguruko dokumental bat egin dute, kasurako. Errenteriako (Gipuzkoa) Zintzilik irrati libreak ere 40 urte bete ditu, eta gaur erakusketa bat inauguratuko dute irrati hori zer izan den laburbiltzen duena. Errenteriako Xenpelar etxean egingo dute erakusketaren inaugurazioa, 18:45ean. Besteak beste, txalapartariak eta bertsolariak izango dira ekitaldian.

«Egia da 40 urte erraz pasatu direla. Hala ere, Zintzilik irratia zer izan den eta zer egin den laburbiltzea zaila izan da», diote irratiko kideek. «Komunikabide nagusien jarrera ikusita, komunikazioaren falta salatzen genuen hasi ginenean, eta beharrezkoa iruditzen zitzaigun sortzen genuen informazioa guk geuk plazaratzea. Eta, horrekin batera, inguruan bizitako esperientziak, hausnarketak eta borrokak zabaltzea ere bai». Duela lau hamarkada «informazio zuzena» defendatzen zuen irrati libreak. «40 urte pasatu eta gero, berdin gaude: informazio asko dugu, baina gutxi dakigu horri buruz; eta dena zalantzan jartzea nahiago dugunez, hemen gaude oraindik, tentsioa igotzen, barrikadak inoiz baino beharrezkoagoak diren garaiotan». 40 urtez tentsioa igotzen izena jarri diote erakusketari.

Errenteriako Zintzilik irratiaren erakusketa
Errenteriako Zintzilik irratiari buruzko erakusketa. ZINTZILIK

Bestalde, larunbat honetan Zintzilik Irratia: 27 urte ez dira ezer! dokumentala emango dute, 11:30ean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.