Komunikazioa

Errestoaren zain daude

Nitro katea ixtekotan, airean geratuko lirateke 'Frontón' saioko pilota emanaldiak. Bainet ekoiztetxeak adierazi du ez dutela itxieraren berririk. Afera konpon daitekelakoan daude.

Besteak beste, Nitroko pilota emanaldiak ekoizten ditu Bainetek. Irudian, Bengoetxea IV.a, aurten. J. HERNAEIZ / ARP.
Ainhitze Ruiz.
2014ko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Bi aste eskas falta dira maiatzaren 6rako. Egun horretarako bete behar dute hedabide taldeek Espainiako Auzitegi Gorenaren sententzia. Bederatzi kate itzaliko dituzte; tartean, Nitro. Airean daude Frontón saioko pilota emanaldiak, baina Bainet ekoiztetxean lasai daude, ez baitute uste pilota emanaldiak kolokan daudenik. «Ez dakigu ezer. Ez digute ezer esan Atresmediatik. Benetan itxiko balute, dagoeneko esango ziguten zerbait».

Bainetetik ez diote garrantzi berezirik ematen Auzitegi Gorenak emandako ultimatumari: «Kateak helegitea jarri du. Mugituko dira sententziaren kontra egiteko. Industria Ministerioarekin hitz egiten ari dira. Airean dago dena», adierazi dute ekoiztetxetik. Izan ere, Espainiako Gobernuak behin-behineko lege xedapen batekin legezta ditzake Gorenak legez kanpokotzat jotako lizentzia banaketa.

Besteak beste, pilota emanaldiez eta Karlos Argiñanoren sukaldaritza saioaz arduratzen da ekoiztetxea. Gezurtatu egin du Atresmediak Nitro ixteko erabakia hartu izana. «Beste edozein hiru kate izan daitezke. Ez dira, gainera, zertan hiru izan behar. Negoziatzen ari dira». Nitro da, La Sexta 3 eta Xplorarekin batera, Atresmediako kateetatik ikus-entzule gutxien dituena.

Kateak ixtekotan, hedabide taldeek salaketa jarriko dute, eta milioika euro eskatuko dituzte kalte-ordain gisa. Azpiegitura inbertsio handiak egin baitituzte kateek Madrilgo gobernuak 2010ean emandako lizentziak betetzeko. Hedabide taldeek argudiatu dute aurreko gobernuaren errua dela legez kanpokotzat jotako lizentziak banatzea, eta ez dutela haiek zertan «besteen okerrak» ordaindu behar. Auzitegi Gorenaren sententziaren arabera, telebista pribatuek LTDrako trantsizioa egiterakoan betebehar guztiak errespetatu zituzten.

Adierazpen askatasuna

Uteca telebista pribatuen elkarteak «adierazpen asktasunaren aurkako erasotzat» du gobernuaren «utzikeria». «Sektorea ataka larrian utziko du. 77.000 lagunek egiten dute lan».

Jose Manuel Soria Espainiako Industria ministroak hedabide taldeei jakinarazi die «ezinezkoa» dela Gorenaren sententziari izkin egitea; legez kanpokotzat ditu ministroak kateak ez ixteko abiatu beharreko lege xedapenak.

Itxieraren aurkako ahots asko daude. 35.000 sinadura bildu dituzte Vertele atarian. Espainiako kontsumitzaile elkarteak kexu dira gobernuak emandako informazio urriarekin. Herritarrei informazio gutxi iritsi zaiela adierazi du AUC Espainiako Komunikabideen Kontsumitzaileen Elkarteak. Gainera, uste dute erabiltzaileen interesak ez direla kontuan hartu.

Lizentzia berriak

Abertis telekomunikazio enpresak kaleratutako txosten baten arabera, esleituko dituzten lizentzien kate berriek oraingoekbaino estaldura gutxiago izango dute, azpiegitura faltagatik. Multiplex berrietan kokatuko baituzte kateok. Abertisen txostenak azaldu duenez, kate berriek %30-40 inguruko estaldura izango dute, egungoekin alderatuz. Erabiltzaileek etxebizitzetan antena berriak jarri beharko dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.