Soraya Garcia. Marrazkilaria

«Eskubide osoa daukat neure buruaren irudiak biluzik marrazteko»

Autorretratuak biluzik marrazten ditu Soraya Garcia galdakarrak, eta irudi horien zentsura jasaten ari da sare sozialetan. Horren harira, 'CensurARTE' izeneko erakusketa egin du Irungo Kabigorri aretoan.

JAVI COLMENERO.
Ainhitze Ruiz.
2013ko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Soraya Garcia artista galdakarrak (Bizkaia) CensurARTE izeneko erakusketa egin du, Interneten bere lanak izan duen zentsuraren harira. Irungo Kabigorri aretoan izango da ikusgai abendu osoan, ostegunetik igandera arte, arratsaldeko zazpietatik aurrera.

Autorretratu biluzien erakusketa bat egin duzu. Nola bururatu zitzaizun horrelako erakusketa bat egiteko ideia?

Duela lau bat urte hasi nintzen autorretratu biluzien irudiak egiten. Ez dakit zehazki nola sortu zitzaidan autorretratuak biluzik marrazteko ideia. Azken finean, uste dut artista guztiak puntu beretik abiatzen garela, barrutik ateratzen zaizkigun gauzetatik, alegia. Ikerketa modu bat da, norbere burua ezagutzeko lan bat, hain zuzen.

Interneten eta hainbat erakunde publiko eta pribatuetan ere zure lana zentsuratu dute. Non uste duzu dagoela exhibizionismoaren muga ?

Ez nuen uste nire gaiak hainbesteko ikusmina sortuko zuenik, eta horregatik harritu ninduen zentsuratu izanak. Ni neu naiz, eta eskubide osoa daukat neure buruaren irudiak biluzik marrazteko. Nire ustez, artistek berezkoa dute exhibizionista izaera. Artistaren koadroak ez dira etxean hormaren kontra buelta emanda jartzeko, erakusteko baizik, eta hori da artistaren beharra. Beraz, berdin du gorputz biluzi bat izatea erakusten dena. Gainera, denok biluzik jaio gara, eta, nire ustez, arazo etiko moral bat da. Ikusleen arazoa dela esango nuke; agian, konplexuak edo beldurra transmititzen dio, eta zentsuratu egiten dute. Eta hori artean egin daitekeen okerrena da. Uste dut artean adierazpen askatasun osoa egon beharko lukeela.

Eta hori gizonezko batek egingo balu, beste modu batera hartuko al lukete?

Nik uste dut gizonezkoen artean hobeto ikusita dagoela; gizonezko batek horrelako zerbait egindakoan, gizartea ez da hainbeste aztoratzen. Facebookeko zentsura, esaterako, gehiegizkoa da. Pentsatzen dut ezinikusia sorrarazten diodan norbait izango dela une oro nire irudiak salatzen dituena, baina, anonimoa denez, ez dut sekula jakingo nor den.

Autorretratuak izateak noraino bultzatu du zentsura?

Ez diot inolako zentzurik aurkitzen argazki horiek zentsuratzeari. Esaterako, pertsona publikoak biluzik marraztuko banitu, pertsona horrek iraintzat har lezake; irudia manipulatzen ariko banintzaio bezala ikus lezake. Baina neure burua marrazten dut, eta hori zentsuratzea ulertezina da. Normalizatuagoa egon beharko lukeela iruditzen zait. Beti arrazoi bera ematen didate: haur edo helduengan eragina izan dezakeela. Gai horretan asko sartu nahi ez dutenez, polemikoa dela bakarrik esaten didate. Iaz erakutsi ahal izan nuen nire lana lehen aldiz zentsurarik gabe, Olatu Talka jaialdian.

Zure lanaren zentsurak ze ondorio profesional eta pertsonal ekarri dizkizu?

Arazo asko ekartzen dizkit. Sare sozialak oso aproposak dira lana ezagutzera emateko; nik hainbat lan eskaintza izan ditut Facebook bidez. Internet bidez bakarrik ezagutzen nautenak ere bertatik jartzen dira nirekin harremanetan. Baina arrazoirik eman gabe zentsuratu dizkidate irudiak, eta horrek kalte handia eragin dit, lan asko egiten baitut Internet bidez. Esaterako, nire ekitaldien berri ematen dut Internet bidez. Ez dakit hau noraino irits daitekeen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.