Estropadetan, barne-barnean

Arrauna etxeetara eramateko, ETBk hamabi kamera erabiltzen ditu. Droneak erabiltzen ere hasi dira. Antton Aldekoa errealizadoreak esan du garrantzi berezia ematen diotela audioari.

Cineflex kamera. Optika berezia du, urruti dauden kirolariak hurbil ikusi ahal izateko. ANTTON ALDEKOA.
urtzi urkizu
2022ko uztailaren 31
00:00
Entzun

Uztailaren 22an, Unai Iparragirre ETBko zuzendariak EHUren udako ikastaro batean esan zuen zenbait estropadatan ETBk %30eko ikusle kuota lortzen duela. Ez da nolanahiko datua, eta arrauna telebistaz ikusteko zaletasuna ez da txikia Euskal Herrian. Zuzeneko emankizunei dagokienez, berriz, azkeneko urteetan aurrerapausoak ematen ari da Euskal Telebista, goi teknologia erabiliz, eta zenbait akordiori esker.

Aurtengo emankizunetan, badituzte berrikuntza batzuk. Antton Aldekoa errealizadoreak azaldu duenez, lehen aldiz droneak erabili dituzte Santurtziko, Santutxuko eta Portugaleteko (Bizkaia) estropadetan. «Esperientzia oso ona izan da. Ikuspuntu berriak eskaintzen dizkigu, eta emozioak nabarmendu egiten ditu». Droneen erabilerarekin «hobetuz» joango direla iruditzen zaio, hemendik irailera.

Irudiaren deskribapena
Helikopteroa. Emanaldi guztietan erabiltzen dute. Donostian, ohi baino handiagoa.Antton Aldekoa

ETBk Azti eta Euskalmet erakundeekin lortu duen elkarlan akordioari esker iritsi da beste berrikuntza bat. Iaz hasi ziren batimetriekin itsas hondoko mapak erabiltzen. «Eskaneatuta daukate euskal kostalde guztia, eta sakontasunaren berri ematen digute. Horrek zer eragin izan dezakeen azaltzen du, korronteak direla eta ez direla». Errealizadorearen arabera, pausoak ematen ari dira eremu horretan, eta gehiago emango dituzte datorren urtean. Ibaietako eta erreketako estropadetan, berriz, Aztik laguntzen die korronteen indarra neurtzen. «Hasiak gara plazaratzen kale bakoitzean korronteak zer indar izango duen, eta nola eragiten dien traineruei».

Dozena bat bideo seinale

Euskotren eta Eusko Label ligetako emankizunetan, ETBk hamabi kamera erabiltzen ditu: lauzpabost kamera lehorrean egoten dira, bat zero kaletik nabigatuko duen katamaranean, beste bat helikopteroan, bi traineruen kareletan, beste bi itsas epaileen ontzietan, beste bat elkarrizketetarako ontzian, eta beste bat helmugako balizen parean.

Irudiaren deskribapena
Katamarana. Uretan jasotako bideo seinaleak kudeatzeak zailtasunak ditu.Antton Aldekoa

Aldekoak azaldu du helikopteroan aurten Cineflex kamera erabiltzen ari direla. Optika berezia du horrek, urruti dauden kirolariak hurbil ikusi ahal izateko. «Joko berezi batzuk egiteko aukera eskaintzen du, baita planoak asko ixteko ere». Cineflex kamera erabiltzen dute katamaranean ere. Epaileak joaten diren ontzian, bestalde, GoPro kamera bat jartzen diote gidariari, eta modu horretan, epailearen ikuspuntua jasotzen dute.

Uretan emanaldia egiteak zaildu egiten du lana, Aldekoaren arabera. «Kualitatiboki oso zaila da dena kudeatzea». Bideo seinaleak jasotzeko loturak asko dira, eta askotarikoak ere bai: mikrouhinekoak, wifi bidezkoak. Racon enpresa kontratatzen dute horretan laguntzeko, eta enpresa horrek paraboliko batzuk jartzen ditu.

Bestalde, bi trainerutan kamerak jartzen dituzte, eta beste bitan mikrofonoak —guztiak pisu berberarekin lehiatzen dira—. «Ikuslea traineruan doala ematen du, neurri batean, audioari esker: traineruko giroa, estropuak, arraunlarien arnasa, arraunaren soinua... Hori guztia eta patroiaren aginduak». Aldekoak argi du errealizazioan audioa dela gakoetako bat. Kamerak, berriz, traineru guztietan sartu nahiko lituzkete datozen urteetan.

Irudiaren deskribapena
Traineruak. Bitan kamerak jartzen dituzte, eta beste bitan mikrofonoak.Antton Aldekoa

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.