Komunikazioa

ETB1ek %2ko ikusle kuota izan du 2011. urtean, inoizko txikiena

ETB2 kateak %8,14ko kuota izan du azkeneko urtean EAEn, 2008an baino zazpi puntu gutxiago

urtzi urkizu
Donostia
2012ko urtarrilaren 3a
00:00
Entzun
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ETB1ek %2ko ikusle kuota izan du 2011. urtean, 2003an baino hiru aldiz gutxiago. 2003tik aurrera euskarazko katearen batez bestekoa jaitsiz joan da, urtez urte. Eta LTDaren kate kopurua haztearekin batera, ETB1en beherakada areagotu egin da: azkeneko bi urteetan puntu bat galdu du.Iaz %2,2ko kuota izan zuen euskarazko kateak, eta, horrenbestez, azken urteko beherakada ez da hain handia izan. Edonola ere, kirol emanaldiak salbu, euskarazko programa gehienen ikusle kopurua txikia izan ohi da.

ETB2 kateak 2011n %8,14ko ikusle kuota izan du. Aurreko urtearekin alderatuta, puntu bat eta bi hamarreko galdu ditu. Oroitu beharra dago 2005. urtean ETBko gaztelaniazko kateak %18,4ko ikusle kuota zuela.

2011ko azken bi hilabeteetan, bestalde, ETB1ek eta ETB2k datu bera izan dute: euskarazkoak, %2,1eko kuota azaroan eta abenduan, eta gaztelaniazkoak, %8,6koa. ETB2 hobeto dabil Pello Sarasola programazio burua iritsi zenetik, abuztutik urrira %7,5ean ibili baitzen. Ni más ni menos magazina txukun dabil. ETB1en batez bestekoak, aldiz, kirol emanaldi esanguratsuen arabera egin du gora edo behera amaitu berri dugun urtean; daturik onena apirilean izan zuen (%2,7), Real Madril-Bartzelona Txapeldunen Ligako final-erdietako partidari esker (%44,3). Izan ere, partida hori izan da ETB1en azkeneko sei urteetan ikus-entzule gehien izan duen emanaldia.

ETB1 katea bultzatzeko asmoa azaldu zuen EITBko zuzendaritzak 2009ko udan. ETB1eko edukien zuzendari kargua ere sortu zuten, baina Rosa Diez Urrestarazuk bost hilabete baino ez zituen bete zeregin horretan. Ostean, Alberto Suriok hartu zuen bere gain ETB1eko edukien ardura.

Abenduan, ETB3 kateak azaroko datua errepikatu du: %0,7ko ikusle kuota. Urte osoan %0,6-0,9 bitartean ibili da ETBko hirugarren katea.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, Tele5k sendo jarraitzen du lider, nahiz eta jaitsi egin den. %17,4ko ikusle kuota izan du 2011n; aurreko urtean %18,6koa izan zuen. Bigarrena La1 da: %14,8ko ikusle kuotarekin. Eta hirugarrena, Antena3: %9,6ko kuotarekin. La Sextak (%6,8) Cuatro (%6,5) gainditzen du, ozta-ozta.

Telebista kontsumoari dagokionez, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritar bakoitzak, batez beste, abenduan lau ordu eta 11 minutu pasa zituen pantaila txikiaren aurrean. 2010. urtean, lau ordu eta sei minutukoa izan zen batez bestekoa. Horrenbestez, datuek diote Interneteko kontsumoak ez duela jaitsarazi telebistakoa. Are gehiago, gora egin du apur bat azkeneko urtean.

Alkain fin euskaldunen artean

Gabon zaharrean ETB1ek emititu zuen 12 Baitez Finlandian saio bereziak %11,1ko ikusle kuota izan zuen euskaldunen artean; gauerdiko kanpaikadek %16,1eko kuota izan zuten. 172.000 lagunek ikusi zuten saioa uneren batean.

ETB2ko Badator 2012 saioak, bestetik, %7,7ko ikusle kuota izan zuen, katearen batez bestekotik behera.

Espainian La1 lider

Espainian oso alde txikia dago La1 eta Tele5 kateen artean. Kate publikoa da 2011n gehien ikusi dena, %14,5ko ikusle kuotarekin. Kate pribatua hiru hamarrekotara gelditu da. Antena3 kateak azken seihilekoan gora egin du, eta %11,5ko kuota izan du 2011n. Cuatro Espainian La Sextaren aurretik dago: %6,1ko kuota du batek eta %5,7koa besteak. Gaikako kateen artean, Clan da gehien ikusten dena, %3,2ko kuotarekin. La2ek %2,6ko kuota du.

Telebista kontsumoa Espainian inoizko handiena da gaur egun: abenduan herritar bakoitzak egunean lau ordu eta 19 minutu pasa zituen telebista ikusten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.