Apirilean, aspaldian lortu gabeko datua izan zuen ETB1 kateak: %3,1eko kuota. Txapeldunen Ligako finalerdiak eta eskuz binakako pilota txapelketak izan zuten eragina igoera horretan. Maiatzean, berriz, ETB1 aurreko hilabeteetako mailara jaitsi da: %2ko ikusle kuota Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Iazko maiatzean, %2,2ko kuota izan zuen.
ETB3 kateak %0,8ko kuota izan du azkeneko hilabetean, apirileko bera. ETBK Satek %0,4ko ikusle kuota du.
ETB2ren batez besteko kuota azkenaldian egonkortu egin dela dirudi: otsailean, %9,9ra igo zen. Martxoan eta apirilean, %10eko kuota izan zuen. Eta, maiatzean, berriro %9,9koa izan du. Iazko maiatzean baino puntu bat eta hiru hamarren gehiago ditu orain gaztelaniazko kate publikoak. Nabarmentzekoa da aurten ETB2ko albistegiak iaz baino dezente hobeto dabiltzala: 2011n, %13,1eko kuota izan zuen Teleberri-k, eta aurten %15,3ra igo da. ETB1eko albistegien kuota %2,3 da.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoan Tele5 da nagusi, %18ko ikusle kuotarekin. Azkeneko hilabetean, gainera, bi puntu eta erdi irabazi ditu. La1k %13,7ko kuota du, eta Antena3ek %10,2koa.
Tele5, gorantz Espainian
Espainian, Tele5 kateak puntu bat irabazi du azkeneko hilabetean, eta gehien ikusi den katea izan da, %14ko ikusle kuota lortuta. Bigarrena La1 da, %13,4ko kuota izan baitu. Antena3 kateak bi hamarren galdu ditu, eta %12ko kuota du. Telebista kontsumoari dagokionez, herritar bakoitzak egunean lau ordu eta sei minutu pasatzen ditu telebistaren aurrean —EAEn, hamabi minutu gutxiago—.
Komunikazioa
ETB1ek %2ko ikusle kuota izan du maiatzean; ETB2k, %9,9koa
Euskarazko kateak puntu bat galdu du apirilarekin alderatuta; Tele5k, berriz, bi puntu eta erdi egin du gora
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu