Komunikazioa

ETB1eko 'Arratsaldero' magazina etzi amaituko da, behin betiko

Hamalau hilabeteren ostean, ikusle datu txikiak izan dira programa kentzearen arrazoi nagusia

Estitxu Fernandez eta Oihan Vega, Arratsaldero magazineko aurkezleak, iazko urrian. ETB.
urtzi urkizu
Donostia
2011ko abenduaren 28a
00:00
Entzun
Ostiralean amaituko da betikoETB1ek azken urte t'erdian izan duen apustu eta erronka handiena. Horrela definitu zuen Arratsaldero Alberto Surio EITBko zuzendari nagusiak 2010eko urrian: «Desafio ederra da EITBren zuzendaritzarentzat, ilusioz betetako proiektua».

Ikusle datu eskas samarrak izan ditu magazinak. Eta ETBko zuzendaritzak arratsaldeko programazioa aldatzea erabaki du. Ez du argitu nola. BERRIAk saioaren desagerketaren inguruan galdetu du ETBko zuzendaritzan, baina ez du erantzunik jaso.

Iñaki Urdanpilleta magazineko zuzendariak aitortu du «pena handiz» hartu duela albistea. «Eta aitortu beharra dago bagenuela horren susmoa, itzal horren azpian arduratsu ibili gara azkenaldi honetan. Baina ez nuen uste erabakia hain azkar hartuko zenik». Urdanpilletaren arabera, seguruenik ikus-entzuleak dira saioa kentzearen arrazoi nagusia. «Baina komunikabide hau ezagutzen dugunok ongi baino hobeto dakigu oso zaila dela batez besteko zenbaki dezente bat ateratzea hain iraupen luzea duen euskarazko produktu batekin».

Bost orduko iraupena zuen Arratsaldero-k bere hastapenetan. Aurreneko hiruhilekoan 11.000 euroko kostua zuen saio bakoitzak. Sasoi berean ETB2rako egiten zuten Aspaldiko bi orduko magazinak, aldiz, aurrekontu handiagoa zuen: 15.500 euro saioko. Euskarazko bost ordu egiteko, 19 lagun baino ez zeuden lanean; gaztelaniazko bi ordu egiteko, berriz,24 lagun.

Baina Urdanpilletaren aburuz, lortu zuten aurrera ateratzea: «Lan talde urria bezain profesionala eta konfiantzazkoa osatu genuelako». Estitxu Fernandez aurkezleak uste du izan dituzten baliabideak kontuan hartuta «lan hagitz txukuna» egin dutela: «Arrunt saio exijentea izan da, eta lantaldeak ahalegin izugarria egin du, iritzi guztiek eta gai guztiek gurean tokia izan zezaten, eta guztiei tratamendu duina eskaintzen saiatu gara».

2011. urteko lehen hilabeteetan, haur programazioa sartu zuten 19:30etik 20:00etara. Eta magazinaren ordutegia apur bat murriztu. Murrizketa hori handiagoa izan da denboraldi honetan. Saioaren azken hiruhilekoan, Arratsaldero-k hiru ordu eta laurdeneko iraupena izan du.

Ikusle datuena baino, beste arrazoi bat iritsi da Estitxu Fernandezen belarrietara: «ETB1entzako dirurik ez dagoela erran zidaten, eta, horregatik, Arratsaldero kentzea erabaki zutela».

Magazinaren ordez ETBko zuzendaritzak zer emitituko duen urtarrilaren bigarren astean jakingo da. Urdanpilletak ez ditu etsipenezko hitzak egin nahi izan: «Ez dut ezkor agertu nahi, eta hartu den erabakia onerako izango dela pentsatu nahi dut. Euskararen eta euskaldunon euskarri eta leiho ezinbestekoa den ETBko lehenengo katea sendotzeko eta programazio interesgarri zein indartsu bat egituratzeko apustua egingo dela, alegia».

Estitxu Fernandezek entzun duenez, orain ETB1eko gauak indartu nahi dituzte. «Aurrekontuak ematen ez badu, niri ez zait gaizki iruditzen prime time-a indartzea. Baina, nire ustez, euskarazko telebista publikoaren aldeko benetako apustua egin beharko litzateke, horrek suposatzen duen guztiarekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.