Komunikazioa

ETB1en kuota %1,4 izan da ekainean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

ETB3 kateak %1,1eko ikusle kuota lortu du, aurreko hilabetean baino hiru hamarreko gehiago

urtzi urkizu
Donostia
2012ko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Denboraldiko datu txarrena izan du ETB1 kateak ekainean: %1,4ko ikusle kuota Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Azkeneko urteetan soilik hilabete batean izan du batez besteko kaskarragoa: iazko ekainean, %1,3ko ikusle kuotarekin. Datu horren arrazoien artean Txapeldunen Liga amaiera legoke. Apirilean %3,1eko kuotaraino igo zen euskarazko katea, Real Madril-Bayern finalerdiak izandako oihartzunaren ondorioz (tartean penaltiak). Maiatzean %2ra jaitsi zen ETB1. Eta azkeneko hilabetean beste sei hamarreko galdu ditu, Athleticen finalen zurrunbilorik gabe.

ETB2 2012. urtean nahiko egonkor dabil, %9 eta %10 artean. Ekainean %9,5eko ikusle kuota izan du, aurreko hilabetean baino lau hamarreko gutxiago. Dena den, kontuan hartu behar da gaztelaniazko kate publikoak iaz hilabete berean %7,7ko kuota baino ez zuela izan.

Gora egin duen katea ETB3 da. Ekainean %1,1eko ikusle kuota izan du, aurreko hilabetean baino hiru hamarreko gehiago. Kate horren programazioa marrazki bizidunek osatzen dute, goizetik gaueko 22:30 bitartean.

Eurokoparekin Tele5 indartsu

Eurokopan Espainiako taldeak lortu dituen datuek Tele5k lehendik duen nagusitasuna berretsi dute. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, Mediaseteko katea liderra da, %19,4ko ikusle kuotarekin. Alde handia ateratzen die La1, Antena3 eta ETB2 kateei.

Igandeko finalak %72,1eko ikusle kuota izan zuen Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Espainian batez besteko kuota %83,4koa izan zen; hori da Espainian futbol partida batek inoiz izan duen audientziarik handiena. Aurreko asteazkeneko Portugal eta Espainiaren arteko penaltiek, berriz, %71,8ko ikusle kuota izan zuten Araba, Bizkai eta Gipuzkoan; %83,3ko kuota Espainian.

Ekainean, Espainian, Tele5 izan da liderra %16,7ko ikusle kuotarekin. 2008ko azarotik lortutako daturik onena izan da hori. Ia bost puntu atera dizkio Antena3ri (%11,8). Eta La1 katea bigarren postutik hirugarrenera jaitsi da (%11,5). Mediaset taldeko kate guztien artean inoizko markarik onena lortu dute ekainean: %31,8ko kuota.

Telebista kontsumoa egunean lau ordukoa izan da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.