Genero beltza eta ohitura eleberrien generoen artean kokatuta, serieko hiltzaile baten inguruko Lain telesaila estreinatuko du igandean ETB2 kateak (22:30). La noche de berezi batean emango dute probako atala, eta datu onak lortuz gero jarraipena izan dezake.
Jose A. Perez gidoilariak (Mimesacojea blogaren egilea) sortutako ekoizpena da Lain. Bilbon dago girotuta, eta detektibe baten gorabeherak jasotzen ditu. Lain detektibearen rola Aitor Luna aktoreak jokatzen du. Bergaran (Gipuzkoa) jaio zen 1981. urtean, eta Goenkale-n agertu zen lehenbizikoz telebistan. Ondoren, Madrilera joan zen, eta han bost urte egin zituen, Antena3eko Los hombres de Paco telesailean. Iaz, berriz, Tele5ko La Fuga telesaila protagonizatu zuen. Une honetan, TVEko Gran Reserva telesaileko aktoreetako bat da. Lunarekin batera, Alex Angulo da Lain-eko beste aktore protagonista.
Lainek ertzaintza utzi zuen bere garaian, indarkeriaren mundutik aparte bizitzeko asmoarekin. Haurrentzako eskola alternatibo bat zuzentzen du Bilbon, istorioaren hasieran. Aurreko bizitzaz ezer jakin nahi ez badu ere, lankide ohi batek laguntza eskatuko dio serieko hiltzaile baten kasua ikertzeko. Hiltzaile horren krimenak 1870tik 1879ra Juan Diez De Garayo Sacamantecas-ek egindakoetan daude oinarrituta. Ertzaintza nahiko galduta dabil ikerketan, eta pista bakarra dauka: azken biktimaren egunerokoan H hizkia idatzia. Erail zuten gau berean idatzia izan zen.
Komunikazioa
ETB2k 'Lain' telesailaren probako atala estreinatuko du igande honetan
Jose A. Perezek sortutako ekoizpenean Aitor Luna aktoreak jokatzen du rol protagonista

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu