Aurten igoera nabarmena izan dute ETB2ko albistegiek. Urteko aurreneko sei hilabeteetan, %15,2ko ikusle kuota izan dute batez beste Araba, Bizkaian eta Gipuzkoan. 2011. urtearekin alderatuz, bi puntu baino gehiago igo dira. Joera horri uztaileko datua gehitu behar zaio: hileko aurreneko bi asteetan %17,4ko ikusle kuota lortu dute, eta liderrak dira aipatutako hiru herrialdeetan. Askoz apalagoa da ETB1eko Gaur egun saioaren datua: 2012an, batez beste, %2,2ko ikusle kuota; uztailean, %2,8koa.
ETB2 katea bere osotasunean iaz baino hobeto dabil aurten. Urteko lehen hilabeteetan, %9,7ko ikusle kuota izan du, aurreko urtean baino puntu eta erdi gehiago. Uztaileko batez bestekoa, oraingoz, %10,1ekoa da.
ETB1 iazko datuen pare dabil: 2012an, %2,1ko ikusle kuota, 2011n baino hamarreko bat gehiago. Uztailean %2,6ko kuota darama orain arte.
Urteko lehen seihilekoan ETB3 kateak %0,9ko ikusle kuota lortu du, eta ETBK Sat-ek, %0,4koa. Taldeko lau telebista kateen artean %13,1eko kuotara iritsi dira; iazko batez bestekoa %11,3koa izan zen.
Eitb.com webguneak, berriz, %20 inguru egin du gora aurten. Gaur egun hilero 1.213.981 erabiltzaile ditu; iaz, berriz, 1.008.923 erabiltzaile zituen.
EITBko irratiek 488.000 entzule dituzte egunero, EGMren arabera, aurreko neurketan baino 30.000 entzule gehiago. Gaztea indartsu dabil, egunero 145.000 entzule baititu.
Komunikazioa
ETB2ko albistegiak %15,2ra iritsi dira azken urtean, bi puntu irabazita
Uztailean 'Teleberri' Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako albistegi liderra da, %17,4ko ikusle kuotarekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu