ETB3k '3txulo zuzenean' emango du arratsaldero datorren astetik aurrera

Haurrek zuzenean parte hartzeko aukera izango dute, telefonoz; tarteka platora joanda ere bai

3txulo zuzenean saioa Miramongo egoitzan egingo dute, arratsaldero. Irudian, atzoko aurkezpena. G. RUBIO / ARGAZKI PRESS.
urtzi urkizu
Donostia
2017ko otsailaren 9a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Iazko otsailaren 22an estreinatu zuen ETB3k 3txulo haurrentzako saioa. Goizetan ikus daiteke programa, eta, datorren astelehenetik aurrera, marka bereko produktu berri bat izango du euskarazko kateak: 3txulo zuzenean. Astelehenetik ostiralera emango dute, 19:30etik 20:30era. «Haurren programazioa indartu eta sendotu nahi dugu», esan zuen atzo Nerea Zendoiak, EITB taldeko haur edukien koordinatzaileak, saioaren aurkezpenean. «Horretarako, apustu indartsua egingo dugu zuzeneko saioarekin».

Programaren helburu nagusia neska-mutikoen parte hartzea bultzatzea izango dela iragarri zuen Zendoiak. «3txulo ezaguna da haurren artean, eta orain beste pauso bat eman nahi dugu. Haurrak 3txulo-ko parte izatea nahi dugu. Gainera, Hiru3 klubak bere tokia izango du programan». Zuzeneko saioan parte hartzeko, ezinbestekoa izango da Hiru3 klubeko kidea izatea.

Josean Barreiro izango da 3txulo zuzenean saioko zuzendaria. Iragarri du hainbat tarte berri edukiko dituela programak, ohiko atalez gain. «Tarte berrien helburua, batez ere, umeen presentzia edukitzea eta harremana estutzea izango da». Egunero lehiaketa bat egongo dela nabarmendu zuen Barreirok: «Telefono bidez parte hartu ahalko dute haurrek. Lau joko erraz asmatu ditugu lehiaketa horretarako, eta, tartean, saritxoak izango dira».

Musikaren atalean, bestalde, neska-mutikoak platora eramaten saiatuko dira. «Kantatzeaz eta dantzatzeaz gain, haurrak euren beste dohain batzuk erakustera etortzea nahiko genuke». Interneten ere ikusgai izango dira parte hartze horiek.

Bideoen atal berezi bat izango da programa berrian, eta, horretan, protagonista Zuriñe Hidalgo izango da —3txulo-n Xbelen rola jokatzen du—. Hidalgo Euskal Herriko hainbat ikastetxetara joango da, erreportajeak grabatzera. «Haurrak, irakasleak eta ikastetxeetako zuzendariak azalduko dira». Bestalde, bideo didaktikoak aurkeztuko ditu Xbelek. «Esate baterako, eztia nondik datorren edo botoi bat nola josi erakutsiko dugu».

Etorkin bat Xbelen etxean

3txulo zuzenean saioko zuzendariak esan zuenez, telebistako programa, Hiru3 kluba eta Interneteko webgunea uztartu nahi dituzte. Hidalgok kantatzen bukatuko du saioa egunero, doinu bat erabiliz. «Nahi duguna da haurrak hurbilago sentitzea. Batzuetan gu joango gara haiengana, eta, besteetan, haiek etorriko dira guregana», azaldu zuen aurkezle eta kantariak.

Orain arte 3txulo-n azaldu ez den pertsonaia berri bat ere egongo da datorren astetik aurrera: 6Khan. Xbelek bere etxean jaso duen etorkin bat izango da. Hainbat tirabira, gaizki ulertu eta istorio sortuko ditu pertsonaia berriak. Fariba Seikhan euskal aktore eta kantariak jokatuko du rol hori; ama euskalduna du, eta, aita, Irangoa. Bi eta bat-en eta Goenkale-n aritutakoa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.