Komunikazioa

ETBk «azken aukera» emango dio. 'Vaya semanita' saioari udazkenean

Guztiz eraldatuko dute, eta gutxienez ETB2ren batez besteko ikusle kopurua lortu beharko du neguan jarraitzeko

Andoni Agirregomezkorta Vaya semanita-ko aurkezlea. ETB2n gehien ikusitako saioen artean izan da urte luzez, baina ataka latzean dago orain. ETB.
Edu Lartzanguren.
2011ko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Vaya semanita ETB2ko umore saioak ez du negua ezagutuko, azken hilabeteotan galdutako ikusleen zati bat behintzat berreskuratzen ez badu. Euskal Telebistak erabakia hartu berri du: saioaren formatuan eta aktoreetan aldaketa handiak egingo dituzte, eta, udazkeneko hiru hilabeteetan, «azken aukera» izango du.

ETB2n gehien ikusitako saioen artean izan zen Vaya semanita urte luzez, baina ataka latzean dago azken hilabeteotan. 2008ko irailetik hurrengo urteko ekainerako denboraldian 172.000 ikusle inguru lortu zituen, inoizko kopururik handiena. Joan zen hilean amaituriko azken denboraldian 23.000 ikusle gutxiago izan zituen.

Aldaketa «sakonak»

ETBko arduradunek eta Pausoka ekoiztetxeak abuztuan eta irailean definituko dituzte saioak udazkenean izango dituen formatua eta aktoreak. Oraindik ez dute ezer erabakita. Halere, aldaketa sakonak iragarri dituzte.

Markari eustea erabaki dute, «balio handia» duelakoan, baina saioko beste osagai guztiak zalantzan daudela adierazi dute. Saioa udazkenerako programazioan sartuko dute, baina, ikusle emaitza onik lortzen ez badu, ez du aurrera jarraituko. Gutxienez, ETB2ren batez bestekoa lortu beharko du.

2003. urtean estreinatu zuten Vaya semanita. Arrakasta handia izan zuen, eta Espainiako hainbat katek ere bertsioak egiteko eskatu zioten Pausokari: Agitación + IVA 2005etik 2006ra eman zuten Tele5n; Vaya tropa estreinatu zuten 2009an Cuatron, eta programaziotik kenduko zutela iragarri zuten hilabete gutxira, emaitza eskasa zuelako.

Euskal Herriaren egoerarekin eta pertsonaiekin eginiko parodiak dira saioaren muina. Patxi Lopez lehendakariak Vaya semanita ikustea gomendatu zien Gasteizko legebiltzarkideei, iazko maiatzean, oposizioak aurpegiratu zionean euskarazko eskoletatik «piper» egiten zuela adierazi izana. Hilabete bat geroago, ETB ikusteko eskatu zien Lopezek herritarrei, ikusle kopuruak asko jaitsi zirelako kezkatuta. Handik egun gutxira, PPk Vaya semanita-ko ekoizleei «tonua leuntzeko eta umore zuria egiteko» eskatu zietela idatzi zuen Tonia Etxarri El Correo-ko zutabegileak. Haatik, presiorik ez zuela jaso esan zuen Pausokak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.