ETBn albiste ekonomikoen ikuspegi ekonomizista nagusitzen dela ondorioztatu du LAB sindikatuak eskatuta Aztiker zentroak egin duen ikerketa batek. Horrekin batera, ekonomiaren alde sozialek aipamen handirik ez dute ETBko albistegietan, eta aintzat hartzen diren albisteak Ekonomia ataletik kanpo kokatzen dituzte.
LAB sindikatuak azterketaren honako ondorio hauek nabarmendu ditu: eremu sozioekonomikoari buruzko informazioak oso tarte gutxi betetzen du informazioaren denboran: %7,4. Gainera, informazio horrek desberdintasun sozialak eta klase interesen kontraesanak ezkutatzen ditu. Bestetik, informazioak enpresari klasearen aldeko irudikatze estereotipatua ematen du, «ongi kolektiboari lotuta». Langile klaseari buruzko ikuspegia, aldiz, negatiboa da. Oso informazio gutxi ematen du ETBk laneko istripuei buruz; gertaera bakan gisa aurkezten dira, eta kasuen %85 zorigaitzaren ondoriotzat aurkezten dituzte. Egungo krisiaren testuingurua fenomeno ekonomiko gisa aurkezten dute, etaenpresarien eta erakundeen jardunetik kanpo kokatzen dituzte horren arrazoiak; beraz, erantzukizunik aipatu gabe eta kritikarik egin gabe hitz egiten dute krisiari buruz. LABen arabera, ETBk transmititzen dituen balioek indibidualismoa indartzen dute, kolektibotasunaren kaltetan. Era horretan, «ideologia menderatzailea» mantentzen eta onartzen laguntzen dute. Indartzen diren balioak hauek dira: lehia (%18,8), konfrontazioa (%14,6) eta pribatizazioa (%12,5). Izaera indibidualistaren balioak %62,6 dira, eta izaera kolektibokoak, %25,5.
Enpresariak bere ahotsarekin
2010eko iraila eta azaroa bitarteko ETB1, ETB2, Euskadi Irratia eta Radio Euskadiko albistegietako datuak aztertu dituzte ikerketan. Albistegi horietan, albiste gehiago eskaintzen zaio futbolari (%13,5), eremu soziolaboralari (%2,7), krisi ekonomikoari (%1,3), gizarte zerbitzuei (%0,9), laneko istripuei (%0,8) eta langabeziari (%0,6) batera eskaintzen zaizkionak baino. Informazio ekonomikoan agertzen diren subjektuak hauek dira: eremu instituzionaleko pertsonak (%48,9), langile klaseko pertsonak (%30,1), eta enpresari klaseko pertsonak (%21,1). Enpresariak beren ahotsarekin agertzen dira kasuen %80,9tan; eremu instituzionalekoak, %60,4tan; eta langileak, %59,7tan. LABen arabera, ETBk langileen presentzia bigarren mailan uzten du, eta ekimen instituzionala erakustearen aldeko jarrera nabarmentzen da, «mugimendu sozialen eginkizuna bigarren mailan utzita edo ekonomiarekin loturarik gabe islatuta».
Gainera, kolektiboari lotuta ageri da enpresariek eta instituzioek ordezkatzen duten funtzioaalbistegietan. Langileei dagokienez, ordea, ikuspegi pertsonalagoa erakusten dute, «bere kolektibotasun eta ordezkaritza rola ez baita erakusten».
Langabezia eta enplegua erregulatzeko espedienteei dagokienez, bestalde, «merkatuaren logikaren ondorio» dela azaltzen dute ETBko albistegiek. Edo krisialdi ekonomikoak eragindako egoerak direla azaltzen dute. Ez dute egoeraren erantzukizunaren inguruko informaziorik ematen. Enplegua erregulatzeko espedienteak kontuan harturik, gainera, kasu bakan moduan aurkezten dituzte; kasuen erdiak, krisiaren ondorio, eta beste erdiak, enpresarien jardunaren beharraren ondorio.
Lan istripuak zorizko gertakari gisa aurkezten dituzte gehienetan. Gertakari horiek duten eragin soziala azaltzeko, eragile sindikal eta instituzionalen erreakzio publikoak bilatzen dituzte.
Komunikazioa
ETBko albistegiek langileria bigarren mailan uzten dutela dio ikerketa batek
Informazio sozioekonomikoaren tratamendua eta klase sozialen protagonismoa ikertu ditu Aztikerrek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu