Komunikazioa. David Barbero. ETBko kazetaria

«ETBn jarraitu nahi nuen, baina joateko esan didate»

ETBren sorreran parte hartu zuen Barberok 1982an. Ia 30 urteren ostean, datorren astean amaituko du ETBko bidea, «gogoz kontra».

urtzi urkizu
2011ko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Azkeneko hamasei urteetan kultura munduko pertsonak elkarrizketatuz gozatu egin duela aitortu du David Barberok (Burgos, Espainia, 1944). ETBko zuzendaritzaren erabakiz, Begoña Zubietak hartuko du Forum saioaren gidaritza urtarrilaren 9an.

Urrian esan zenuen ETBko zuzendaritzak ipurdiko galanta eman dizula. Nola hartu zenuen?

Hori esan eta gero, pentsatu nuen ea esateko era egokia zen, batzuek gehiegizkoa zela komentatu zidatelako. Baina errealitatea da nik ETBn jarraitu nahi nuela eta ETBk esan didala joateko. Ulertzen dut finantzabide arazoak daudela eta lantaldea murriztu behar dutela. Eta erretiroa hartzeko adina dudanez, logikoa da nirekin hastea. Baina horrek ez du esan nahi onartzen dudanik. Nire borondatearen aurka doa.

Nola lan egin duzu lan azken hiruhileko honetan, ez duzula jarraituko jakinda?

Normal lan egin dut. Egunero ordu erdiko elkarrizketa bat eginez gero, behartuta zaude planifikazioa denborarekin aurreikustera. Elkarrizketen gidoiak sakon prestatzen ibili naiz, beti bezala.

Traba egiten duzun kazetari bat al zara ETBrentzat?

Ez. Eman didaten arrazoiak ekonomikoak izan dira. Elkarrizketak kultur alorrekoak izanik, tolerantzia handiagoa da.

1995. urtean, euskal gatazkari buruz egunkarien arteko editorial bateratu bat egiten saiatu zinen. Zer gertatu zen?

Irlandan halako bat egina zen. Ni orduan EAEko El Mundo-ko zuzendaria nintzen. Iruditu zitzaidan saia gintezkeela egunkari guztien artean editorial bateratu bat egiten. Zirriborro bat idatzi nuen, hainbat kazetarirekin hitz egin ostean. Zuzendariekin negoziatzen ibili nintzen, baina ez zen posible izan. Hedabide batzuek ezezko borobila eman zuten. Frustrazio bat izan zen niretzat.

Zer da ETBn pasatutako 30 urte hauetatik eramango duzun gauzarik onena eta txarrena?

Onena azkeneko hamasei urteak izan dira, kultur elkarrizketak egitea; oso aberasgarria izan da. Aurretik elkarrizketa politikoak egiten nituen, eta ezin dut gauza bera esan. ETBk dituen gaitzetako bat politizazioa da. Gobernu eta alderdi politikoekiko menpekotasuna oso kaltegarria da.

Posible al litzateke unean uneko gobernuaren menpe funtzionatuko ez lukeen ETB?

Oso-oso zaila iruditzen zait, nahiz eta mesedegarria izango litzatekeen independenteagoa izatea.Bataila galdua da, ordea. Eta gaur egun, are zailagoa. Telebista publikoa politikarien hain menpe egotea lotura kaltegarria da oso.

Zer iruditzen zaizu ETBk azkeneko hiru urteetan izan duen ikusle jaitsiera?

Telebista panorama gero eta zailagoa da. Arrazoi bat kate kopurua handitu izana da. Beste arrazoia soziologikoa da, jendeak gero eta gehiago Internet bitartez kontsumitzen baititu ikus-entzunezko produktuak. Bestetik, Eusko Jaurlaritzan aldaketa izan zenean, ETBko zuzendaritza aldatu zen. Ikusle abertzaleak, neurri batean, ETB abandonatu zuen, eta horrek eragina izan du. Gainera, zaila iruditzen zait ETBren ikusle datuak proportzio handi batean altxatzea. Bizpahiru hamarren igo daiteke, baina ETBren garai onenak berreskuraezinak dira. Egungo datuekin ibiliko da ETB datozen urteetan, aldaketa txiki batzuekin.

Murrizketen inguruan ere asko hitz egiten da. Hainbeste murrizketa eginez gero, modua egongo al da kalitatezko telebista publikoa egiteko?

Enpresa publikoen murrizketak hor daude, bai. Diru gutxiago dago, eta lehentasunak zein diren begiratu beharko da. Erabakiak hartzea zaila izango da. Diru eskas hori modu justuago batean banatu beharko litzateke.

Pentsatu al duzu zure azken saioan zer esango duzun, hilaren 23an?

Ez dut ezer berezirik esango. Azken saioa normala izango da, urteotakoak bezala. Niretzat ETBko lana amaitzea garrantzitsua da. Baina ETBrentzat oso kontu txikia da. ETBk berdin jarraituko du ni gabe.

Zer plan duzu urtarrilerako?

Duda-muda ugari dauzkat. Argi daukat lanean jarraitu nahi dudala. Kazetaritzan, antzerkian eta irakaskuntzan aritu naiz orain arte. Arte eszenikoen master batean eskolak ematen jarraituko dut. Horrez gain, idazten jarraitu nahiko nuke.

Zer gomendatuko zenieke hasiberriak diren kazetari gazteei?

Ez naiz inor gomendioak emateko. Kazetaritzaren apasionatu bat naiz, eta orainaldian esaten dut hori. Kazetarion helburua gizartean zer gertatzen ari den kontatzea eta interpretaziorako gakoak ematea da, eta hori funtzio garrantzitsua da. Gazteei esango nieke pasioarekinlan egin dezatela. Kazetaritza aldaketa garaian da; bestebide batzuetatik joaten ari da. Baina hori akuilu bat da pasio biziagoa izateko eta bide berriei heltzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.