Komunikazioa

Etorkinak sukalde lanetan jarriko ditu gaurtik '(H)eltzean' saioak

Asteartero, munduko hainbat txokotako platerak egiten erakutsiko digute euskaldun berrienek

Lehen saioan, oilaskoa Egiptoko erara nola prestatu erakutsiko du Ondarroako Abduk. ETB.
Edu Lartzanguren.
2011ko uztailaren 19a
00:00
Entzun
Reality-a eta sukaldaritza, Euskal Herria eta mundua. (H)eltzean saioa estreinatuko du gaur ETB1ek, 22:00etan, eta, asteartero, euskaldunduriko etorkin bat aurkeztu eta sukaldean jarriko du, haren gogoko platera prestatzen.

Mugak eta jatorriaren inguruko aurreiritziak hausten dituzten bi osagairekin jokatzen du saioak: euskara eta jana. Saio bakoitzean pertsona bat aurkeztuko dute, eta haren bizimodua jarraituko dute egun batez. Euskal Herriko bizimodura eta kulturara nola moldatu diren erakutsiko dute, eta inguruko beste euskaldunei nola eragin dieten azaldudu. Prestatuko duten platera egiteko beharrezkoak erosterakoan kamerak izango dituzte lagun, baita paraturikoa gero elkartean lagunekin jaterakoan.

13 sukaldari 13 ataletarako

(H)eltzean saioaren hamahiru atal prestatu ditu Akuri ekoiztetxeak. Gaurkoan, Egiptotik heldu eta Ondarroan (Bizkaia) butano banatzaile dabilen Abdu aurkeztuko digute. Oilaskoa Egiptoko erara nola prestatzen den erakutsiko digu Abduk.

Datorren asteartean Taniaren txanda izango da. Errusiatik Aiako baserri batera ezkondu zen. Benetako Errusiako entsalada nolakoa den ikusteko aukera emango digu.

Hirugarren saioan, Barry arituko zaigu, lakoia prestatzen. Irlandatik Donostiara umore ona ekarri zuen, eta euskarazko hainbat bakarrizketa saio taularatu ditu, hango eta hemengo kontuekin barre eginarazteko asmoz.

Horien ondoren, Argentinatik Gipuzkoako Getarian tabernari dabilen Jokin, Kaliforniatik (AEB) heldutako Lori psikologoa, eta Mor, Senegalek Markinan (Bizkaia) duen enbaxadorea, ezagutuko ditugu. Vietnamen, Polonian, Peruko indigenen artean eta Txinan jaiotako euskaldunak eta haien jakiak etorriko dira gero.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.