Ikusmin handia sortu zuen asteazkenean Athleticek eta Atletico Madrilek jokatutako Europako Ligako finalak. Tele5 kateak eskainitako partidak %63,3ko ikusle kuota izan zuen Araba, Bizkai eta Gipuzkoan (542.000 ikus-entzule). Espainian, berriz, %44,8 izan zen ikusle kuota (8.094.000 ikus-entzule).
Dena den, azkeneko urteetan izan diren beste futbol final batzuen datuetara ez da iritsi Athleticek galdutako finala. Duela lau urteko Eurokopako finalak (Espainia-Alemania) %75,7ko ikusle kuota izan zuen, Bukaresteko lehiak baino 12,4 puntu gehiago. Munduko Kopako finalaren luzapena, berriz, %80,4ko kuotaraino iritsi zen.
UEFA Kopako final batera heldu zen Alaves taldea duela 11 urte. Eta final hark Bukarestekoaren pareko datuak izan zituen: %61,7ko ikusle kuota (528.000 ikus-entzule). TVEk eman zuen Alaves-Liverpool final hura, La1n gaztelaniaz (%50,6) eta La2en euskaraz (%11,1).
Athleticen lehien arrakasta
Denboraldi honetan askok ikusi dituzte telebistaz Athleticek Europako Ligan jokatutako partidak. Hala, final-zortzirenetan Manchester Uniteden aurka jokatutako partidek sekulako datuak izan zituzten: %49,5eko ikusle kuota joanekoak eta %59,9koa itzulerakoak. Final-laurdenetan, Shalke04 taldearen aurkako joanekoak %49ko ikusle kuota izan zuen. Finalerdietako Sporting Lisboaren aurkako partidak ordainpeko kateetan emititu zituzten, Tele5k Valentzia-Atletico Madril finalerdia eman baitzuen.
EITBk, berriz, programazioko ordu ugari bete ditu azkeneko asteetan Athleticekin. ETB2 kateak asteazkenean eman zuen Athletic directo saio bereziak %12,7ko ikusle kuota izan zuen.
Hamaika Telebistan ere lan berezia egin dute egunotan Athleticen finalaren inguruan, eta eduki batzuk www.hamaika.tv wegubnean ikus daitezke. Asteburuan ere emango dituzte errepikapenak.
Komunikazioa
Europako Ligako finalak %63,3ko ikusle kuota izan zuen EAEn
Alaves- Liverpool UEFA Kopako finalak %61,7ko kuota izan zuen 2001ean; euskaraz ere eman zuten, La2en
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu