Komunikazioa. Ainara Tirapu. Hamaika telebistako '11.bit' saioko aurkezlea

«Euskal aktibismo handia dago sarean; indarrak batzen dituzte internautek»

Euskara eta teknologia berriak uztartzen ditu Tirapuk aurkeztutako saioak. Albisteak, aholkuak, bitxikeriak, bideoak eta elkarrizketak ikus daitezke asteazkenero, 19:45ean.

HAMAIKA.
Maite Alustiza.
2011ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Berrikuntza teknologikoak, sare sozialak, 2.0 komunikazioak, gailu berriak eta hainbat bitxikeria ekartzen ditu asteazkenero Ainara Tirapuk (Iruñea, 1980) 11.bit saiora.Azkue fundazioak eta Hamaika telebistak elkarlanean egindako saioa da, eta asteazkenero ikus daiteke, 19:45ean. Internet bidez ere ikus daitezke saioak, Azkue fundazioaren eta Hamaika telebistaren webguneetan.

Norentzat da 11.bit saioa?

Edonorentzat dira saioaren edukiak; jakintza berezirik gabe uler daitezke. Baina halako gaietan interesa dutenek ikusten dute normalean, eta horiek maila apur bat altuxeagoa izan dezaketela esan dezakegu. Dena den, erabiltzaile gisa Interneten ibiltzen dakien batek erraz asko uler dezake, arazorik gabe.

Lantaldean nola lantzen dituzue edukiak?

Erabiltzaile mailatik hasi gara, baina pixkanaka gehiago janzten ari gara gai honetan. Oso gai zabala da; esparru asko ditu, eta etengabe berritzen ari da; beraz, zaila da eguneratuta segitzea. Aldez aurretik oso jantzita ez bageunden ere, esfortzua egin behar izan dugu. Apurka-apurka aurrera goaz, eta zenbat eta gehiago ikasi, orduan eta gehiago jakin nahi dugu.

Zer dela-eta aukeratu duzue saioa hainbat ataletan sailkatzea?

Edukiontzi baten modukoa da, eta hainbat gai lantzeko aukera dugu horrela. Egunerokotasuna bai, baina ez dadila izan bakarrik hori. Horregatik, albisteek bere tartetxoa daukate, baina ez dute programa osoa hartzen.Asko hemen egindako gauzak dira; Azkue fundazioaren proiektuek eta euskal proiektuen tarteak daukate leku gehien programan. Nabarmendu nahi da Euskal Herrian egiten diren lanak direla.

Elkarrizketatuak ere izaten dituzue.

Bai, Azkue fundazioak garatzen dituen proiektuen inguruan izaten dira normalean elkarrizketak. Dena den, beti ez ditugu fundazioko ordezkariak platoan. Gutxi barru, adibidez, Banda Beat webgunearen inguruan hitz egingo dugu. Azkue fundazioak garatutako proiektu bat da, baina musikari gazte amateurrentzat da, etabi gazte izango dira platoan. Apur bat aldatzen saiatzen gara, bestelako aurpegiak ekartzen. Azkueren proiektuen tarte horretatik aparte, askatasun osoa dugu saioa nahi dugun edukiez hornitzeko.

Euskal Herrian teknologia berrien erabiltzaile asko al dago?

Euskal aktibismo handia dago. Uste dut badagoela sare garrantzitsu bat, internauta aktibo asko indarrak batzen. Ez dauzkagu marka txarrak. Twitter euskaraz eskatzeko hainbat sinadura bildu ziren, Googlek badauka euskaraz nabigatzeko aukera... Eta halakoetan behin sartuta, edonork beste software bat edo webgune bat garatzean zera esan dezake: Googlek ingelesez, gazteleraz, txineraz eta katalanez badauka, guk ere euskaraz jarriko dugu.

Noiz arte ikusi ahal izango da 11.bit?

Hamalau saio emitituko ditugu lehenengo tarte honetan; azkena ekainaren 15ean izango da. Asmoa irailean bueltatzea eta beste hamalau saio egitea da, abendura bitartean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.