Komunikazioa

Euskal enpresen proiektuek interesa piztu dute Cannesko MipTV azokan

Basque Audiovisual ikus-entzunezko marka bosgarren aldiz ari da parte hartzen, bere erakuslekuarekin

Jokin Etxeberria eta Benito Duinat Nire argazkia dokumentalaren demoa ari dira aurkezten Cannesen. BERRIA.
urtzi urkizu
2011ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Telebistaren mundua Cannesera begira dago aste honetan. MipTV azokan ez dagoena ez dela existitzen diote adituek. 100 herrialdetako 13.000 profesional bildu dira urteko azokarik garrantzitsuenean. Tendentziak ikusi, harremanak egin eta formatuak erosi eta saltzea da guztien helburua. Frantziako hego-ekialdeko hirira joan direnen artean Jesus Higuera ETBko programen erosketako burua, Koro Larrea eta Miriam Perez de Pedro kanpo produkzioko kideak daude. Halaber, bosgarren urtez Basque Audiovisual markapean euskal ekoizpen etxeetako hainbat lagun joan dira Cannesera. Riviera pabiloian erakusleku bera partekatzen dute, eta euren produktuak pantaila handi batean proiektatzen ari dira.

Orio Produkzioak ekoizpen etxeak, adibidez, lau proiektu eraman ditu azokara: Apaizac obeto eta El arbitro dokumentalak, eta Mihiluze eta In English Please formatoak. Unai Ibarbiak azaldu duenez, telebista kate batzuek interesa azaldu dute Orioko produktuengatik: «Kanadako telebista batek Apaizac obeto dokumentalarengatik galdetu du. Al Jazeera Turkiak eta Argentinako kate batek, berriz, El arbitro dokumentalarengatik azaldu dute interesa». In English Please formatua ingelesez erakusteko saio bat da non gizon bat bizikletaz agertzen den Bilboko kaleetan. «Formatu horren babesle bila gabiltza orain. Eta deigarria izan da Kanadako batzuei asko gustatu izana. Turismoa promozionatzeko baliagarritzat jo dute», dio Ibarbiak. «ETB ere oso interesatua dago».

My Jok ekoizpen etxea, berriz, Nire argazkia dokumentalaren demoa aurkezten ari da Cannesen. «Quebeceko telebista bateko kideekin hitz egin dugu eta polita iruditu zaie», azaldu du Jokin Etxeberriak. Hizkuntzari eta memoriari buruzko dokumentala da Nire argazkia. Ingurumen sozial eta leku askotako jendearekin ari dira elkarrizketak egiten, euskalkiak jaso asmoz. «Adin guztietako lagunak ari gara elkarrizketatzen. Hizkuntzari buruzko saioa da, baina dinamikoa, ez nostalgikoa», dio dokumentaleko gidoilari Benito Duinatek. «Halaber, lortu nahi dugu sentiberatasuna pantailara eramatea», argitu du Etxeberriak. Dokumentala datorren azaroan Bilboko Zinebi jaialdian estreinatzeko asmoa dute.«ETBrekin harremanetan gaude, baina ez dago ezer sinatua».

Hauek dira Basque Audiovisual markako erakuslekuan dauden beste enpresak: 3Koma, Bainet, Expressive, Mediabask, Moztu Filmak eta Pausoka. Horiez gain, Eriz Zapirain errealizatzailea eta Vitoria-Gasteiz Film Office erakundeko arduradunak daude. Etxepare Institutuaren babesa ere badu markak aurten, eta Aizpea Goenaga zuzendaria MipTVn dago egunotan.

Aurtengo azokan, krisiaren eragina nabaritu dute euskal ekoizleek. Aurrerapen teknologikoek, dena den, lekua egin dute. Internetera konektatutako telebista da MipTVko izarretako bat. «Kontsumo ohiturak aldatuko ditu telebista konektatuak», iragarri du Mathieu Bejotek, France Internationaleko ordezkari nagusiak. Hiru dimentsiotan garatutako edukiek ere toki nabarmena dute. Alde horretatik, Nafarroako D4D enpresa ari da lanean. World Cities 3D saioa berrian munduko hamahiru hiri handi erakutsiko dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.