ETB1 kateak Ibil2d saioa estreinatuko du bihar, 21:30ean. Telebista saioa izango daardatz nagusia, baina proiektuak beste adar garrantzitsu batzuk izango ditu Interneten, GPSan eta sakelako telefonoetan. Hartara, transmediatik izango du gehiago telebista saio soil batetik baino. Sortu Media ekoizpen etxeak sortu du.
Kultura, natura, gizarte eta historia irizpideen aldetik zeresana duten ibilbideak modu errazean ezagutaraztea da helburuetako bat. Horrez gain, ikusleei ibilbideak egiteko tresnak ematea (GPS ibilbideak, irudiak, estekak...). Eta, aldi berean, Euskal Herriko turismo baliabideak ezagutarazi nahi dituzte.
Telebista saioan Euskal Herriko hamaika txoko modu atsegin eta dibulgatiboan ezagutarazteko asmoa dute. Jon Gomez Garai aurkezleak atal bakoitzean txango edo ibilbide jakin bat egingo du. Bidean hainbat pertsona aurkituko ditu, eta horiek emango dute inguruko kondaira, paisaia, eraikin, animalia, landare, jatetxe eta bestelakoen berri.
Ikusleak ibilbideak modu azkar eta entretenigarrian ikusi ahal izango ditu. Eta, interesa izanez gero, berak ere ibilbidea egiteko tresnak jarriko dizkiote eskura. Tresna horiek Internet bidez kontsultatu eta handik hartu ahalko dira.
Programaren tonua eta edukiak interesa izan dezaketen guztientzat egokituko dituzte. Publiko zabal batentzat izango dira eduki horiek, «umore eta herri giro batean».
Atal bakoitzeko ibilbidea izenburu esanguratsu batekin izendatuko dute. Saioaren haria aurkezleak eramango du, baina off-eko ahotsaren laguntza ere izango du. Eta ibilbidean zehar, grafismoak lagunduta, hainbat mapa erakutsiko dituzte. Aurreneko ataletan proposatuko dituzten ibilbideak, besteak beste, Urduña, Hendaia, Arantzazu, Bilbo eta Arabako Errioxan izango dira.
Bloga eta sare sozialak
Telebista saioaz gain, beste baliabide batzuk erabiliko dituzte ibilbideen inguruko kontuak zabaltzeko. Proiektuak, esate baterako, blog propioa izango du: www.blogseitb.net/ibilbide. Saioko atal bakoitzaren aurretik eta ondoren, post bat sortuko dute. Saioa emititu aurrekoa saioaren aurrerapena izango da. Saioaren ondoren, berriz, landu diren gaiak sakonago jorratuko dituzte eta parte-hartzaileen inguruko estekak gehituko dituzte. Horrela, saio batean landutako gai zehatz baten inguruko informazioa modu errazean emango diote interesatuari. Telebista saioa osorik ikusteko aukera ere emango du blogak. Horrez gain, norbaitek ikusitako ibilbidea gustuko izan eta ibilbidea egin nahi badu, blogetik GPStrack-a hartu eta beharrezko informazioa izango du. Intereseko leku nagusiak markatuko ditu GPS track horrek.
Blogean lantzen dituzten edukiak Facebook eta Twitter sare sozialetan ikusteko eta iruzkinak egiteko aukera izango da. Egunero loturak argitaratuz jarraitzaileen parte-hartzea dinamizatzen saiatuko dira. Telebista saioa emango duten orduan, bestalde, ikusleekiko interakzioa sustatuko dute Twitter bidez. Wikiloc sare sozialean ere izango du lekua Ibil2d-ek.
Sortu Mediakoek errealitate areagotua erabiliko dute, gainera. Erabiltzaileak Interneteko konexioa duen sakelako telefono batean deskargatu beharko du doako geruza bat. Ibilbideak gehitzen doazen arabera, geruza horretan datu berriak sartuko dituzte. Eta lekuan bertan interesguneen audio, bideo eta estekak kontsultatu ahalko dira.
Telebista saioaren edukien berri euskarazko hainbat irratsaiotan emango dute. Eta atal bakoitzaren hiruzpalau minutuko laburpena iTunes bidez hartzeko aukera emango dute.
Komunikazioa
Euskal Herriko ibilbideak erakutsiko dituzte larunbatetan ETB1 katean
'Ibil2d' ez da telebistako emankizun soil bat izango, eta Interneten garapen berezia izango du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu