«Hemengo tradizioak ezagutu, eta, bide batez, ondo pasatu». Helburu hori buruan duela ibili da Quique Matilla bakarrizketalari eta umorista (Valladolid, Espainia, 1979) Euskal Herrian. Oraingoz, Donostian eta Bilbon bakarrik, baina badu beste hainbat toki bisitatzeko asmoa. «Herri kirolak ikusi nahi ditut». Quique en el País de los Vascos saioan, «umorez eta ironiaz» erakutsiko ditu euskal tradizioak, batez ere, Gabonetakoak. Astelehenean, 22:15ean emango dute ordubete inguruko proba saioa, ETB2n.
Hara eta hona ibiliko da Matilla jendeari galderak egin eta hemengo tradizioei buruzko informazioa jasotzen. Ondoren, bizitakoari buruzko bakarrizketak egingo ditu, betiere umorea lagun. Gertuko umorea duela dio bakarrizketalariak. «Esango nuke jende ororentzat egokia dela».
Eskarmentu handiko umorista baita Matilla. 2003. urtean hasi zen bakarrizketak egiten, eta, ordutik, 800 saio baino gehiago egin ditu. Hainbat umore irratsaiotan ere parte hartu du. Horrela egin zuen topo ETBrekin; arduradun batek bakarrizketa saio batean ikusi zuen. «Gustatu zitzaion, antza». Matillaren umorea ETBra ekartzea erabaki zuten, hemengo tradizioak kanpotar batek nola ikusten dituen azaltzeko. «Askotan, kanpoko baten ikuspegia aberasgarria izan daiteke».
Umoristak dioenez, Quique en el País de los Vascos ez da euskaldunen topikoak nabarmentzen dituen beste saio bat. «Alderantziz. Konturatu naiz topikoak ez direla betetzen». Asko «gezurrak» dira, haren ustez. «Euskal Herrian gutxi ligatzen dela, kasurako. Ikusiko duzue zergatik».
Gastronomia izan da gehien gustatu zaion alorretako bat. «Hemengo otorduak nolakoak izan ohi diren ikusi dut: oso gutxi jaten duzue», dio, ironiaz. Euskaldunen artean ondo integratua sentitu da. «Oporretan egona naiz hemen, eta asko gustatu izan zait beti. Orain, gertuagotik bizitzeko aukera izan dut, gehiago inplikatuz, eta guztiz maitemindu naiz».
San Tomaseko azokan grabatu zuten saioaren zati bat, Donostian. «Kalean egotea, taloa gora eta behera, baserritarrez jantzita, asko gustatu zitzaidan», azaldu du. Olentzerorekin egoteko aukera ere ez zuen alferrik galdu. «Oso bitxia iruditu zitzaidan». Apenas ezagutzen zuen Olentzero hona etorri aurretik, eta tradizio horri buruz dokumentatu behar izan zuen. «Oso gertukoa da». Bizarzuriren, Errege magoen eta Olentzeroren artean bat aukeratzekotan, gustukoago du ikazkinaren istorioa. «Autentikoagoa da. Bata Laponian bizi da, eta besteak ekialdetik datoz. Olentzero hemengoa da, zuetako beste bat».
Elkarte gastronomiko batera ere gonbidatu zuten afaltzera, Eguberrietako ohiko menua dastatzera. «Kamerek alde egin zuten, eta ni hor gelditu nintzen gaueko ordu txikiak arte». Euskal abestiak ezagutzeko aukera izan zuen. «Kantuan hasi ginen; liburu bat utzi zidaten nik ere abestu ahal izateko».
Bertso tartean
Abenduaren 15ean BECen jokatutako Bertsolari Txapelketa Nagusian ere ibili zen. «Zipitzik» ulertu ez arren, «txundituta» utzi zuen finalak. «Harrigarria da 14.000 lagunen aurrean gai bat eman eta minututxo batean inprobisatzea». Jendearen isiltasuna, errespetua eta jendearen bertsolaritzarako pasioa nabarmendu du. «Horrelako tradizioei eustea izugarria da; inbidia apur bat ere sentitu nuen. Gainera, jende gazte mordoa zegoen; nabari da bertsolaritza oso errotuta dagoela».
Komunikazioa
Euskal tradizioak kanpotar baten ikuspegitik, «umorez eta ironiaz»
Quique Matilla umoristaren 'Quique en el País de los Vascos' estreinatuko dute etzi ETB2n

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu