Euskaltelek plataforma bat sortu du, euskarazko 300 ordurekin

EITBko saio arrakastatsuenak ikusi ahalko dira zerbitzuan. Replayteka barruan dago Euskalteka

Euskalteka plataforma aurkeztu zuten atzo, EITBren Bilboko egoitzan. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
urtzi urkizu
2021eko maiatzaren 28a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Euskaltelek eta EITBk Euskalteka sortu dute, euskarazko ikus-entzunezkoen plataforma berria. Euskaraz sortutako edukiei eskuragarritasun eta irismen handiagoa ematea da Euskaltelen integratutako zerbitzu berri horren helburu nagusia. Abiapuntu gisa, EITBren saiorik arrakastatsuenen 300 orduko programazio eskaintza bilduko du. Ez du zerikusirik EITBk datorren urterako iragarritako «euskal Netflixarekin».

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak honela adierazi du: «Euskarak urrats erraldoiak egin ditu 1982an Euskaren Legea onartu eta EITBko lehen hedabideak martxan jartzen hasi zirenetik gaur arte. Entzule, ikusle eta erabiltzaileen kontsumo ohiturak errotik aldatu dira eta aldatzen ari dira, pandemia garai honetan bertan ere ikusi ahal izan dugunez». EITB taldearen eta Euskaltelen arteko lankidetza estrategikoa txalotu du, «euskara ezagutaraziz eta erabilera sustatuz, Eusko Jaurlaritzaren helburuarekin bete-betean lerrokatzen delako».

Xabier Iturbe Euskalteleko presidentea, bestalde, harro agertu da euskarazko ekoizpenekin soilik osatutako lehen bideotekarekin: «Plataforma aitzindaria da, Euskadiko kultur panoraman mugarria».

Mikel Agirre EITBko Esplotazio, Ingeniaritza eta Net-eko zuzendariak, berriz, EITBk eta Euskaltelek urte luzez jorratu duten aliantzaren garrantzia nabarmendu du. Agirreren arabera, euskaraz sortutako edukiei eskuragarritasun eta irismen handiagoa emateko aukera paregabea da Euskalteka. «Eskaintza euskarazkoa eta lehiakorra da, eta nahieran kontsumitu ahal izango da. Egitasmo honek kanaletako edukiei zabalpen handiagoa emateko eta ikus-entzunezkoen kontsumo berrietara egokitzeko EITBren estrategiari erantzuten dio».

Euskaltel telebistaren Replayteka zerbitzuaren barruan dago Euskalteka. Nahieran kontsumitzeko edukien katalogo batek osatzen du zerbitzua, eta Euskaltel telebistako harpidedunek doan eskura dezakete.

EITBrekin egindako akordioari esker, Euskaltekako gordailuan ikusgai izango dira ETB1, ETB3 eta Eitb.eus-eko saio nagusiak. Hainbat generotakoak dira: Go!azen telesaila, Herri txiki, infernu handi eta Barre librea programak, Baserria reality-a... Gainera, Hondar ahoak, Ihesaldia, Altsasu eta Alardea telesailak ere eskura izango ditu Euskalteleko erabiltzaileak. Halaber, orain, ikusgai daude haurrentzako 3 Ene Kantak programaren hainbat atal. Baita musika saio hauek ere: Bidegurutzean, Gaztea B Aldea egitasmoaren emanaldiak, Gaztea 30, 30, 30 eta Gure Doinuak.

Euskaltekako edukiak ikusteko, erabiltzaileak Euskaltel telebistako Replayteka atalera jotzea baino ez du, eta azalean ageri diren saioen artean aukeratu.

Ikus-entzunezko edukien erakusleiho berriak asmoa du euskarazko produkzioak dituzten beste ekoiztetxe eta kanal batzuetara zabaltzeko, eskaintza aberastu eta osatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.