Komunikazioa. Ximun Carrere. Kanaldudeko arduraduna

«Euskara menderatzen ez dutenekin ere lan egin behar dugu»

Telebistako Argia saria jaso du Kanaldudek. Internet bidez ('www.kanaldude.tv') eta TVPI katean ikus daitezke haren edukiak.

ENEKO BIDEGAIN.
urtzi urkizu
2012ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Kanalduderen hastapenetik ari da bertan lanean Ximun Carrere (Lekuine, Lapurdi, 1973). Nafarroa Behereko Alduden sortu zuten Kanaldude, 1990eko hamarkadan, baina gaur egun Arrosan du egoitza.

Telebistako 2012ko Argia saria jaso zenuten urtarrilaren 27an. Lantaldean pozik hartuko zenuten saria, ezta?

Bai. Kultur munduko ezagutzaren lan bat egiten dugularik, oso kontent gaude sariarekin.

Halako sariei esker Hegoaldeko komunikabideetan azaltzen da zuen proietua bizirik dagoela. Garrantzitsua al da Kanalduderen proiektua Euskal Herri osoan zabaltzea?

Hori da, bai. Eguneroko lana inguruko biztanleengana helarazteaz gain, iruditzen zaigu garrantzitsua dela hori zabaltzea Euskal Herri guztirako. Ezagutza lortu behar da. Eta horrelako sari bat jasotzeak ekartzen du ezagutza hori. Prentsan aipatzen da gure komunikabidea, eta horri esker pentsatzen dugu Hego Euskal Herriko ikusle batzuk ere etor daitezkeela. Izan ere, Internet bidez herritarrek gure edukiak ikusteko aukera dute.

Telebista parte hartzailea bultzatzea, euskaraz izatea eta jendearekin lotura mantentzeko tokiko telebista garatzea dira Kanalduderen ezaugarriak. Nola lortzen duzue hori?

Gauza ezberdinak daude hor. Parte hartzearen kontuari dagokionez, denbora pasatu behar da jendearekin. Bilkurak antolatzen, deiak gurutzatzen eta laguntzaileak biltzen aritzen gara, herritarren arazoak entzuten. Jendeari helarazten diogu posible dela gure proiektuan parte hartzea. Ezaugarri hori gurutzatzen da euskararen kontuarekin. Lana bakarrik euskaraz egiten badugu, parte hartzaile sistema ixten dugu. Ezin gara itxi bakarrik euskaldunak direnei. Euskara menderatzen ez dutenekin ere lan egin behar dugu, nahiz eta denek jakin azken ekoizpena euskaraz izango dela. Horrek funtzionatzen du, eta euskarari ate bat irekitzen dio. Osoki euskaldunak ez direnek sartzeko aukera baitute. Euskaraz ondo mintzatzen direnak Iparraldean etengabe agertzen dira komunikabideetan, baina lan bat egin beharra dugu euskaldunberriekin eta euskara anitz baliatzen ez dutenekin.Ekintzak gurutzatzen ibiltzen gara, egoera horiek aintzat hartzen.

Zein erronka nagusi dituzue 2012. urterako?

Duguna mantentzea nahikoa da. Garai txar hau pasatu behar dugu, galdu gabe orain arte irabazi duguna. Astero ordu erdi bat fresko ekoizten dugu, eta kopuru hori handitu egin nahiko genuke. Horretarako laguntzaile taldea azkartu egin beharko genuke.

Diru laguntzen afera nola dago?

Justu samar; ez dugu epe luzera begirako ikuspegirik. Iaz, kontuak orekatzea lortu genuen. Aurten, ekainera arte ez dugu izango diru laguntzen berri, eta dugunarekin egin beharko ditugu gauzak. Ondorioz, hitzarmen batzuk lotu nahi ditugu partaide batzuekin. Eta hitzarmen horiek hiru urterako izatea nahi genuke, lasai lan egin ahal izateko.

Nolako akordioa duzue TVPI katearekin?

Kate horrek leku bat uzten digu gure edukiak emititzeko, eta ez dugu ezer ordaintzen. Gure emisio orduan publizitatea lortzen badugu, guk kudeatzen dugu.

Telesforo Monzonen pastorala azkenean erosi zuen ETBk, diru kopurua apalduz. DVDak ere saldu zenituzten. Nola gelditu da aurrekontua?

Borobildu dugu kontua ekonomikoki, DVD salmenta eta ETBren erosketarekin. Aurreko urtean baino gutxiago jaso dugu ETBren aldetik. Baina aurten ere maskarada grabatuko dugu. Partaide bat beharko genuke, grabaketa baldintza onetan egiteko.

Interneten sare sozialen bitartez ere zabaltzen dituzue edukiak?

Iazko urte hastapenetan egin genuen indar bat hori indartzeko. Baina alor horrek ez du dirurik ekartzen. Sare sozialei esker gehiago ezagutuak gara, dena den. Eta bide horretatik erabaki dugu lanean jarraitzea, egiten diren iruzkinek hastapeneko edukia aberasten baitute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.