Komunikazioa. Estitxu Eizagirre. 'Argia'-ko zuzendaria

«Euskarak badu Interneteko telebistan garatzeko eremua»

Xabier Letonaren lekukoa hartu du Eizagirrek 'Argia'-ko zuzendaritzan. Nabarmendu du «pertsonengan oinarritutako proiektua» dela.

Adrian Garcia.
Lasarte
2013ko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Postuari zor zaion «errespetuarekin» baina «ilusioarekin eta indar betez» heldu dio erronkari Estitxu Eizagirrek (Hernani, Gipuzkoa, 1979). Hura da Argia astekariko zuzendaria irailaz geroztik. Karguak kazetaritza lanetik zertxobait aldendu badu ere, «grina bizirik mantentzeko adina» idazten jarraitzen du. «Denok denetatik egiten dugu. Txikitasunak badauka abantaila hori».

Xabier Letonak hamabi urte eman ditu zuzendari lanetan. Zein izan da haren ekarpena?

Pertsonengan oinarrituriko proiektua da gurea. Lantaldeko pertsona bakoitzak beretik ematen du, eta horren araberakoa da Argia-k eskaintzen duena. Beranduegi saioa, blogak, astekariko gaiak... bakoitzak bere onena ematen du egiten dakienean. Lantalde sendo bat egitea lortu du Xabierrek. Lantalde gaztea gara, baina urte asko daramatzagu elkarrekin, eta helduak gara alde horretatik. Lantaldea sortu eta mantendu egin da Xabierren garaian. Hori lortu du, dirutan neurrian, baina beste gauza batzuetan konpentsatu duelako: langileen erabaki ahalmenean, talde giroan, profesionalki garatzeko aukeretan...

1919koa da Zeruko Argia. Zeintzuk diraegungo Argia-ren erronkak?

Lehenik eta behin, irautea. Ehun urtera iritsi nahi dugu hemen gaudenak egonda. Baina, noski, irauteaz harago, gure balioak garatzea dugu helburu. Proiektu komunikatibo gisa gora begiratzen dugu beti; munduan erreferente direnen adibideak ikusi eta gurean martxan jartzen saiatzen gara. Euskarazko komunikabideetan oinarri ekonomikoa oso zalantzazkoa da. Baina dena ez da dirua, gauza asko egin daitezke gure baliabideekin asmatuz gero. Gure helburua da euskarazko informazio erreferente eta ahalik eta sakon eta aberatsena eskaintzea. Puntako komunikazio proiektua izan nahi dugu.

Lehenengo euskarazko hedabidea izan zineten Interneterako jauzia egiten, 1997an, Ttipi-Ttapa-rekin batera. Zertan da egun sarearen eta paperaren arteko osagarritasuna?

Hori da Interneten hasi ginenetik dugun erronka, eta pixkanaka gauzatzen doa. 2014an beste jauzi kualitatibo bat eman nahi dugu osagarritasunean. Webgunedun astekari bat ginen hasieran. Webgunea Interneteko logikan garatu dugu; batetik, albisteen galbahea eskainiz, eta, bestetik, informazio eta eduki hutsuneak betez. Hasieratik bultzatu da etxe honetan kazetariak bitara trebatzea. Tresna berriek zer pentsatua ematen diote kazetariari; gaiei probetxua ateratzeko erreminta zorrotzagoak ditugu orain. Espezializatutako kazetaritzan sinesten dugu. Gaien jarraipena hainbat euskarritan egiten dugu, tresnen arabera. Internetekoa laburragoa eta gaurkotasunari askoz ere lotuagoa dago. Astekarian norberak propio eta patxada gehiagoz landutako edukiak daude, luzeagoak. Baina, era berean, muga horiek bateratzen doaz, eta paperekoak Internet ere elikatzen du, eta alderantziz.

Zertan aldatu du sareak astekaria?

Azken orduari jarraipena egitea bultzatzen du sareak. Tren horretan sartu gaitu. Astekariaren sakontasunarekin astean bertan gertatutako albisteei nola erantzun; hori dugu erronka. Irakurleen pista gehiago ere ematen ditu: zein albiste zenbatetan irakurri den, bakoitzaren hedapena... Kazetariarentzat irakurlea da txanponaren beste aldea.

Kazetari guztiek dute bloga Argia-n. Zein da horien funtzioa?

Hasieran Erredakzio mahaia deitu genion kazetariok genuen blog multzoari, eta birziklapena genuen helburu: kazetari bakoitzak gai bati buruzko dokumentazio mordoa lantzen du astekarirako. Paperean lekua ez zuten materialak Interneten berrerabiltzea pentsatu genuen, blogekin. Geroztik, izugarri garatu dira, eta egun blogeko eduki gehienak ez dira beste euskarrietan lantzen. Kazetaritzan bezala, blogetan espezializatuz joan gara; gureak blog tematikoak direla esan daiteke. Eta gure komunitateari eskaintzea pentsatu genuen. Nahi duen orok ireki dezake bloga gurean. Egun 64 ditugu. Norberaren intereseko gaiak lantzeko, iritzia emateko edo Interneten ikusitako eduki interesgarriak euskarara ekartzeko beste modu bat da.

Interneterako ekoitzi dituzuen ikus-entzunezkoek harrera ona izan dute.

Hiltzetik Ultzera egin genuen orain lau urte. Beranduegi egin genuen ondoren. Astez aste ehun saio egiteko gai ginela frogatu genuen, gaurkotasun gaiak hartu eta umorez astinduta. Gaurko telebista eskaintzan gauza asko egiteko daudela ere ikusi genuen. Internetek, gainera, baliabide gutxiagorekin aritzeko aukera ematen dizu, eta, era berean, hedapena lortzen dute. Euskarak badu Interneteko telebistan garatzeko eremu handia. Damutuko zaizute-rekin landu duguna da kolaborazioa. Bertsoa oso barrutik bizi duen gazte kuadrilla aktibo eta bihurri batengan sinistu genuen, eta emaitzarekin oso pozik gaude. Horietan denetan gazte jendearengana iristea lortu dugu, eta asko web telebista saioei esker iritsi dira Argia-ra.

Horrelako beste saiorik egiteko asmorik ba al duzue?

Izandako harrerak horretara bultzatzen gaitu. Modu desberdinean, baina hiru saio horiekin asmatu genuen. Nola utziko dugu olatu hori?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.