Korrikaren amaieraren karietara joan den igandean Bilbotik euskal hedabideek egin zuten saio bateratuak —11:30etik 13:30era— %6,5eko batez besteko kuota izan zuen ETB2 katean; euskaldunen artean, %11,1. Ez du ematen datu handia denik, baina ordutegi horretan gaztelaniazko kateak izaten duenaren bikoitza da. Azkeneko bi hilabeteetan, tarte horretan Vaya semanita eta ondoren Se ha escrito un crimen edo V telesailak eman dituzte, eta horiek guztiak %2-4 artean ibili dira.
Bi orduko zuzeneko emanaldian, ikusle kuota gorantza joan zen. 12:30etik 12:55era bitartean %11 baino handiagoa izan zen kuota. Mezuaren irakurraldiaren uneak, 12:50ean, %14,3ko ikusle kuota izan zuen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; euskaldunen artean, %21,1ekoa.
Bistan da, horrenbestez, ETB2n euskara sartzeak ez diola batere kalterik egiten katearen ikusle datuei. Gainera, kontuan izan behar da Hamaikak, Kanaldudek eta Tokikomeko telebista kateek ere eman zutela saioa.
19. Korrikaren amaierako saioa ikusi ez duenak beste aukera bat izango du gaur Hamaika Telebistan, 21:00etan. Korrikari buruzko Hamaikaren webgune bereziak, bestalde, 500.000 ikustaldi izan zituen hamar egunean.
'Herri txiki...' fin dabil
Martxoan saio txukunak tartekatu dituzte ETB1 katean: Tribuaren berbak berritua (Paris, Korrika, 60ko hamarkadan etorritako emigrazioa, Nafarroako Pirinioak), Joseba Sarrionandiari elkarrizketa Sautrela-n, Jaime Otamendik gidatutako Ur handitan saioa (pobrezia, heriotza, Espainian nola ikusten dituzten euskal herritarrak), Soinu ehiztaria saio berria, Korrikaren hasiera ekitaldia... Baina horrek ez du eragina izan ikusle datuetan. ETB1ek %1,8ko ikusle kuota izan du, aurreko hilabetean baino hamarreko bat gutxiago. Iazko martxoarekin alderatuz ere, hamarreko bat txikiagoa da kuota. Nabaria da kateak %2tik gora egiteko zailtasunak dituela azkeneko urteetan. Kirol emanaldiek igotzen dute soilik ehunekoa.
Martxoan, kirol emanaldiez gain, Herri txiki, infernu handi da ETB1en datu onenak lortu dituen saioa: bataz beste %3,4ko ikusle kuota, eta euskaldunen artean %8,2koa. Martxoaren 29ko atalak, Lakuntzakoak (Nafarroa), %3,9ko ikusle kuota izan zuen; 126.000 lagunek ikusi zuten uneren batean programa.
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan Tele5 katea da liderra, %16,3ko ikusle kuotarekin; bigarrena Antena3 da, %10,4arekin; hirugarrena La1, %9,3arekin; laugarrena La Sexta, %9,1arekin; eta bosgarrena ETB2, %8,3arekin. ETBko gaztelaniazko kateak 1,4 puntu galdu ditu iazko martxoko datuarekin alderatuz. ETB3ren ikusle kuota %0,5ekoa izan da.
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, herritar bakoitzak hiru ordu eta 58 minutu pasatzen ditu egunean telebistaren aurrean.
Euskarak ETB2n funtzionatu du
Korrikaren amaierako emanaldiak, une batzuetan, %14,3ko ikusle kuota izan zuen; euskaldunen artean %21,1eraino iritsi zen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu