Euskarak sareko saltoa eman zuenekoa

Gaur egun normal nabigatu daiteke Interneten euskaraz, baina hastapenetan hutsunea zegoen, eta lan handia egin zen hura betetzeko. Zenbait webgune sortu zirenetik hogei urte bete dira aurten.

Lander Muñagorri Garmendia.
2017ko abenduaren 21a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Vicente Gil de Paules pornografoa bere garaian Bernat Etxepare idazlea izan zena izan zen duela hogei urte inguru. 1998. urtekoa da alderaketa hori, Luis Fernandez kazetariak Etxepare porno. Zibernetika euskalduntzeko metodoa izeneko liburua argitaratu zuenekoa. Interneten euskaraz agertu zen lehen idatzia Gil de Paulesen kontakizun erotiko bat izan baitzen: «Gutenberg galaxian Bernat Etxepare guretzat goizeko izarra izan zen bezala, ziberespazioko aro berri honetako lehenbiziko supernova distiratsua Vicente Gil de Paules pornografoa izan da». Hala azaldu zuen Fernandezek berak liburuaren sarreran. Alde nabarmena dago bi aitzindari horien idatzien artean, baina, azken batean, garaian garaiko euskarrietan euskarak lekua edukitzeko lehen urratsa egin zuten biek. Duela ia bost mende batek, eta duela hogei urte inguru besteak.

Goigoiñoei maittea-maittea zuen izenburua lehen idazlan hark. Hura argitaratu ostean iritsi ziren euskarazko lehen webgunea, bilatzailea eta bere edukiak doan plazaratzen zituen hedabidearen ataria. 1996. urtearekin batera sareratu zen, esaterako, Josu Azanza ekintzailearen webgunea. Euskaraz egindako lehenengoa. «Urte hartan lehenengo ordenagailua erosi nion anaiari, ordenagailu enpresa batean egiten baitzuen lan; eta hark esan zidan posta elektronikoa eta Internet jarriko zidala». Gogoan du une hartan «jolasten» hasi zela, eta webgune bat egiten hasi zen horrela. Bere alabaren webgunea egin zuen. Euskaraz lehenengoa. Sarean bilatzen ibili ondoren, ikusi zuen nola hedabideren bat hasia zegoen bere ataria ere sortzen, «baina ez euskaraz». Hori ikusita, euskarazko edukien bila hasi zen sarean, eta horien estekak partekatzen zituen atari bat sortu zuen, eta geroago Euskaldunon Egunkaria-ren eguneroko azaleko albisteak transkribatzen zituen bertan. «Esan daiteke Egunkaria-ren webgune pirata bat izan zela». 1998. urtera arte aritu zen lan hori egiten, Egunkaria-ren edizio digitala martxan jarri zuten arte.

Giroa berezia zela gogoratzen du. Internet zer zen ere ozta-ozta zekien jendeak, eta jende gutxik zeukan sarerako sarbidea. «Nire bulegoan nik jarri nuen Interneterako sarbidea; garai hartan bazegoen beldur moduko bat ere, zer izango ote zen». Gogoan du, halaber, bere webguneak edo helbide elektronikoak izan zuen harrera ere. «AEBetatik eta Alemaniatik idazten zidaten, webgunea ikusi zutela esateko, eta agurtzeko». Harreman horiek bitxiak zirela gogoratzen du, baina, hastapenean, posta elektronikoa edukitzea bera ere gauza arraroa zen.

Hain zen bitxia hainbeste zabaltzen ari zen Internet horren kontzeptua, taldeak ere sortzen hasi baitziren: Internet taldeak, hain zuzen. Sarean egitasmoak bultzatzeko taldeak ziren, Interneterako sarbidea errazteko baliabideak jartzeko, edo nabigaziorako abiadura hobetzeko. Herriz herri hainbat talde sortu ziren, eta hitzaldi ugari egin zituzten herritarrengana iristeko. Horietako batzuek bazuten euskarazko edukien faltaren kezka hori, gainera.

Hutsune horren gabezian sortu zuen Azanzak euskarazko edukiekin egin zuen webgunea. Interneten euskararen presentzia bermatu beharra zegoela ikusten zuelako. «Euskaraz ez zegoen ezer, eta egin beharra zegoen». Berak webgunea sortu zuen urte berean entzun zuen lehen aldiz ere Internet hitza Aitor Lopez de Aberasturik. «Masterra egiten ari ginela, irakasle batek esan zigun Internet etorkizuna izango zela, hura zela momentua». Zerbait egitea pentsatu zuen, eta euskarazko bilatzaile bat sortu zuen horrela: kaixo.com. Lanean hasi, eta lehen soldatarekin domeinua erosita abiatu zuen proiektua: «Bazeuden euskarazko webgune batzuk, horietako asko pertsonalak; bururatu zitzaidan atari horiek batzea webgune batean, eta bilatzaile bat ere jarri nion». Hogei urte bete dira aurten ordutik, eta urteurrena ospatzeko dokumentala aurkeztu zuen Lopez de Aberasturik Durangoko Azokan.

Gaur egun, oraindik zabalik du ataria, baina dagoeneko automatizatuta dauka. Denbora horretan guztian zerbitzu ugari eskaini ditu webguneak: eguraldi aurreikuspena, euskaltegia, euskarazko eta gaztelerazko teletipoak, euskal abizenen jatorrien bilatzailea, txata... «Halako zerbitzurik ez zegoenez, webgunean bertan txertatuz joaten nintzen, beharraren arabera». Ekimen propioz sortu zuen bilatzaile eta denetarik biltzen zuen ataria Lopez de Aberasturik, eta hutsune hori bete zuen hein handi batean. Yahoo atariak 10 megako zerbitzua eskaintzen zuen, eta Kaixo, berriz, 100 megakoa izatera iritsi zen. «Zerbitzu ugari eskaini izan ditugu, bai». Apurka, Euskalmet azaldu da, edo euskaltegi bakoitzak bere aplikazio propioak sortu ditu, eta Kaixok erreferentzia izateari utzi dio, baina horrek ez du arduratzen bera, une hartako beharra betetzea lortu zuelako.

Hedabideak ere, apurka

Azanzak Euskaldunon Egunkaria-ren azaleko izenburuak sarera igotzen bazituen ere, hedabideek ere berehala egin zuten sarera salto egiteko apustua. Horietan lehena Ttipi-Ttapa Nafarroa iparraldeko aldizkaria izan zen. «Aldizkariak harpidedun dexente zituen AEBetan, hemendik hara joandako jendearekin batez ere; eta horiengana errazago iristeko modua izan zen webgunea sortzearena», azaldu du Jose Manuel Irigoien aldizkariko egungo koordinatzaileak. Begirada papereko aldizkaria banatzen zen eremutik kanpo izan zuten, beraz, eta bertako eduki guztiak sarean eskaintzen hasi ziren horrela. «Ez geneukan lehenak izatearen kontzientzia hori, inondik inora ere».

Haien atzetik iritsi zen Urduliz eta Sopelako (Bizkaia) Santamariñe aldizkariarena. Jabi Zabala izan zen egitasmoaren atzean egon zirenetako bat, eta gogoan du euskarazko edukien gabezia hori. «Ikusten zen sekulako aukera eskaintzen zuela horrek euskararen normalizazioan, eta hainbat egitasmo abiatu ziren horrela». Horien artean haiena. Ttipi-Ttapa aldizkariaren esperientzia ezagutu ostean ekin zioten euren herri aldizkarikoa prestatzeari, Zabalaren eskutik. «Esan zidaten html lengoaia erabiliz egin zitekeela, eta hasi nintzen apurka ikasten; polita zen ikustea webgunea zenuela, baina oso anekdotikoa zen, eragin kualitatiboa zelako kuantitatiboa baino gehiago».

Eta hori da, hain justu, aldizkari txikiei webgune batek eskaintzen ziena: handien pare jartzea. Pello Zubiria Argia astekariko zuzendari albokoaren arabera, «hedabide handiek nahikoa zuten itxaron, baina txikiek zetorren mundu berrira egokitu behar zuten; ostera, horrek aukera eman zien handiekin lehiatu ahal izateko». Hori izan zen astekariak webgunea abiatzeko arrazoia. 1997an izan zen hori, eta orduz geroztik zerbitzu ugari eskaini dituzte. Gogoan du Zubiriak, adibidez, aldizkariak ordura arte argitaratutako elkarrizketen artxiboa jarri zuela martxan. «Garai hartan ere bazegoen edukiak doan jartzearen eztabaida; ordurako bazeuden euskarazko hedabideentzako diru laguntzak, eta guk zor bat geneukala sumatzen genuen; ez genekien hori errentagarri nola egingo genuen, baina hori egin ezean olatuaren aurka joatea bezala zen. Euskal kulturak hor egon behar zuen, besteekin batera».

Gaur egun, hastapenetako ahalegin haiei esker, euskaraz normaltasun baten barruan nabiga daiteke. Sarean nabigatzeko euskarazko eskaintza zabala egonagatik ere, «euskarak kalean dituen gabezia berak dauzka Interneten», Zabalaren arabera. «Etxepare porno liburuan, [Fernandezek] zioen sarean atzera geratzen ari ginela; fase hori gainditu dugu, trena hartu dugula esan daiteke, baina euskaldunek gehiegi nabigatzen dute erdaraz; kalean dauzkagun aje berberak ikusten diot sareko errealitateari». Ordenagailuko mundu birtualean euskaraz edukiak egon arren ere, erabiltzaileak kalean dabiltzan berberak baitira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.