Komunikazioa. Rosa Diez Urrestarazu. ETB1eko edukien zuzendaria

«Euskaraz bizi den jendeak eskubide osoa du kate duin bat izateko»

Aurreneko aldiz ETB1 kateak bere eduki arduradun propioa du. Diez Urrestarazuk praktikan urtarrilean hartu zuen kargua.

urtzi urkizu
Donostia
2011ko martxoaren 11
00:00
Entzun
26 urte luze dira Rosa Diez Urrestarazu (Donostia, 1963) EITBn lanean hasi zela. Euskadi Irratiko zuzendari kargua bete zuen 2009ko udatik 2010eko irailera.

ETB1eko edukien zuzendari kargua berria da. Ardura zaila al da jarri dizutena?

Bai, kontuan izan behar dugu kateak ez dituela gustatuko litzaizkigukeen audientzia datuak. Eta hori ez da oraingo kontua. 2003tik ETB1en audientzia jaisten doa. Eduki aldetik euskaraz bizi nahi duen jendea erakartzeko zer egin dezakegun aztertzeko sortuko da eduki zuzendariaren figura. Gaur egun euskaraz dakien jendeak ez du ETB1 ikusten. Erronka da euskal munduko jende hori nola inplikatu eta nola erakarri euskarazko kate bat ikustera. Gure aurreneko pausoa Finlandia saioa izan da.

Alberto Suriok kargua hartu zuenean esan zuen ETB1en indarra eta baliabideak jarriko zituela zuzendaritzak. Ba al ditu ETB1ek baliabide nahikoak?

Nik uste dut baietz, badituela. Kontua da horiek nola kudeatu. Etxe honetan profesional onak daude. Nire borroka izango da ahalik eta baliabide gehien ETB1entzat lortzea.

Arratsaldero-k bost ordu irauten ditu eta aurrekontu txikiagoa du ETB2ko bi orduko magazinak baino. Nola da hori posible?

Hori egia da. Nik borroka egingo dut Arratsaldero-n ETB2n dauden medio berdinak egon daitezen. Sinesten dut medio berdinak izan behar ditugula eta baldintza berdinetan lan egin behar dugula. ETB1 askoz gehiago lagundu beharko genuke, anaia ahula baita. Ez dugu ahaztu behar zergatik sortu zen Euskal Telebista, euskararen normalkuntzarako. Arratsaldero-ko taldeak oso saio duina egiten du duen aurrekontuarekin.

Diru faltak gabezia batzuk ekartzen ditu, esate baterako, fikzioan. Goenkale izan ezik ez dago fikziozko beste proiekturik ETBn. Egongo al da egoera horri buelta emateko modurik?

Nire asmoa da datozen hilabeteetan fikziozko zerbait egitea. Desioa behintzat hori da. Urte batzuetan hemen dirua egon da. Baina orain egoera ekonomikoa oso larria da, eta ekoizpen etxeek aurrekontuak murriztu beharko dituzte. Orain arte bizitako egoera ez da bueltatuko. Ekoizpen etxe batzuk txipa jarri dute egoera hori aintzat hartuta.

Finlandia eta Ibil2d saioak estreinatu berri ditu ETB1ek. Denboraldi honetan etorriko al da beste programa berriren bat?

Horretan nago lanean. Ekaina aurretik gustatuko litzaidake saio berri bat estreinatzea, informazio alorrekoa. ETB1en hurbiltasuna eta informazioa landu behar ditugu. Prime-time-a zaintzea ere garrantzitsua da.

Zinemari dagokionez, datuek diote euskarara bikoiztutako filmek ikusle gutxi dituztela. Zer pentsatu duzue zinemarekin egitea?

Ez dakigu zergatik baina ikusita dago zinema euskaraz jendeari ez zaiola asko interesatzen. Ez da guk pentsatzen genuenaren adina erakargarri. Ikerketa kualitatibo bat egitea eskatu dut, soziologoekin. Jatorrizko hizkuntzan filmak egitea ere eskatu dut. Gabonetan zuri-beltzezko film zahar batzuk eman genituen ETB1en eta ondo funtzionatu zuten. Agian ondo promozionatutako zikloek ongi funtzionatu dezakete.

ETB1eko ekoizpenak ETB2n promozionatzeari buruz zer diozu?

Nik argi daukat ETB2n ETB1 promozionatu behar dugula. ETBk duen azpiegitura osoa aprobetxatu behar du ETB1 saltzeko.

ETB Sat katean kirol programazioa indartu da. Horrek libera al dezake ETB1 nolabait zuen kirol menpekotasunaz?

Bai, dudarik gabe. Pauso ona da. ETB1 ezin da izan kiroletako kate bat, nahiz horrek audientzia erakarri. ETB1 kate generalista izan behar du, lehen mailako kirolarekin.

ETB1eko ikusle datuek beheruntz egin izanak ba al du loturarik faktore politikoekin eta abertzalegoan ETB markarekiko egon daitekeen deskonfiantzarekin?

Ez dakit. ETB1 ez da audientzia galtzen hasi 2009ko uztailean. Euskadi Irratian gobernu aldaketak ez du eragin izan. Eta ETB1en ere ez dut uste, 2003tik beheruntz egin baitu. Euskal ikuslegoa ETB1etaz ahaztu egin zen aspaldi, arrazoi ezberdinengatik. Orain aurrera egin behar dugu. Espero dut urtebete barru duintasun handiagoa izango dugula. Euskaraz bizi den jendeak eskubidea osoa du kate duin bat edukitzeko.

ETB nahi erara Interneten jarriko duzue aurki. Zer ekarriko du horrek?

Talde guztiarentzat izango da hori. Telebista iraultza sakon baten barruan dago. Gizartea aldatu egin da eta ikus-entzunezkoak kontsumitzeko modua aldatzen ari da. Gazteek Internetetik jaisten dituzte edukiak, bai. Baina 50 urtetik gorako ikusle asko ere baditugu eta horiek ez daude Interneten. Ikusle horiek fidelak dira ETB1ekin eta ezin ditugu ahaztu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.