Komunikazioa

Euskarazko aisialdiaren plaza izateko xedez sortu dute 'ttalaka.org' ataria

Agenda kulturala, elkarrizketak, blogak eta erreportajeak eskaintzen ditu webguneak

Ttalaka.org-en sustatzaileak, blogariekin batera, atzo, Donostian, proiektuaren aurkezpenean. A. CANELLADA / ARP.
Adrian Garcia.
Donostia
2014ko apirilaren 1a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Aisialdia euskaraz gozatu nahi dutenen erreferentzia izan nahi du ttalaka.org atariak. Izan ere, euskaraz egiten diren ekitaldien berri ematen du Donostiako Ttalaka elkarteak sortutako webguneak. «Euskarak zein euskal kulturak sarean duten presentzia eta kontsumoa handitzeko helburua du», dio Jokin Aierregarai Ttalaka elkarteko kideak. Euskal Herriko euskarazko kultur agenda eskaintzen dute, eta, gainera, elkarrizketak, blogak eta kultur arloko erreportajeak ikus daitezke atarian.

Erabiltzaileak Euskal Herrian egiten diren euskarazko kultur ekitaldien berri jakin ahalko du webgunearen bidez. Kategoriatan eta lurraldeka sailkatu dituzte, bilaketa errazte aldera. «Bilatzaile indartsu bat ere badu», azaldu du Arkaitz Sukuntza Ttalakako kideak.

Agenda kultural soila baino gehiago da, ordea, ttalaka.org; izan ere, euskal kulturari lotutako edukiez hornitu dute ataria. Astero-astero, «euskal kulturako erreferenteak» elkarrizketatuko dituzte, bideo formatuan, ttalakariak atalean. Dagoeneko ikus daitezke Joseba Irazokiri, Ane Gabaraini, Mireia Gabilondori eta Beñat Gaztelumendiri eginiko elkarrizketak. Badituzte beste hainbat argitaratzeko prest: Mikel Martinez eta Patxo Telleria aktoreenak, kasurako. Eraberritutako aulki bat da ttalakarien ikurra, aulki horretan eseraraziko baitituzte elkarrizketatuak. «Ea zerbait uzten duten aulkian», dio Aierregaraik.

Beste atal batean, kultur arloko erreportajeak emango dituzte. «Kultur ekintzei, mugimenduei, ekitaldiei eta taldeei buruzko bideo erreportajeak emango ditugu», dio Sukuntzak. Soilik euskaraz jarduten duten talde edo ekintzei buruzko edukiak plazaratuko dituzte. «Helburua Euskal Herriko kultura esparrua hobeto ezagutzea da». Bideo laburrak igoko dituzte, «horixe baita Interneten joera». Maitasunaren ostean maitasuna eta Zazpi aldiz elur obrei eta Ireneren unibertsoa liburu bildumari buruzko lanak daude ikusgai. Aste honetan Donostia Antzerkia Sariari buruzkoa argitaratuko dute. Erreportaje horien helburua da euskarazko kultur ekitaldietan «parte hartzeko grina» piztea, Sukuntzaren hitzetan.

Kulturari buruzko hamar blog

Kulturaren inguruko blog sare zabala osatu dute ttalaka.org-en. Musika, arte eszenikoak, moda, bertsolaritza, informatika, bideo jokoak, diseinu grafikoa, sukaldaritza, zinema eta diaspora lantzen dute atariko hamar blogek. Taula gainetik blogean, Aitziber Garmendia, Sara Cozar, Egoitz Sanchez, Arkaitz Gartziandia eta Dorleta Urretabizkaia aktoreekoholtza gaineko bizipenei buruz idazten dute. «Taula atzean zer gertatzen den eta lanbide hau nola daramagun kontatuko dugu», azaldu du Garmendiak. Gustura hartu du aktoreak blogean idazteko ardura. «Terapia moduko zerbait suertatzen ari da».

Ibon Fernandez Gazteako esataria musikako berrikuntzei buruz arituko da Estereotankea blogean. «Nazioarteko zein etxeko berrikuntzei tartea egingo diet».

Webgune parte hartzailea da ttalaka.org. Izan ere, sare sozialetan lekua izango dute atariko edukiek, eta edonork izango du aukera horiek iruzkintzeko. «Guk ez dugu soilik informazioa bota nahi». Gainera, edukiei buruzko proposamenak bidaltzeko gonbita egin dute. Erabiltzaile guztien artean euskarazko aisialdiaz gozatzeko erreminta bat osatu nahi dute atariaren sustatzaileek. Horixe baita, hain zuzen ere, Aierregarairen esanetan, Ttalaka elkartearen xedea: «Eskola eta lanetik kanpo euskaraz bizitzeko baliabideak ematea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.