Bihar zabalduko ditu ateak Durangoko 58. Azokak, Fantasia DA! lelopean. Urtero bezala, euskarazko komunikabideak azokan izango dira, han gertatzen denaren berri emateko. BERRIAko hainbat kazetari azokan bertan izango dira askotariko testuak idazten: elkarrizketak, kronikak, analisiak... Multimedia alorrean ere eskaintza berezia egingo du kazetak: egunero bi bideo bertikal egingo dituzte —galdera laburreko elkarrizketak sortzaileei, eta liburuen eta diskoen gomendioak—. BERRIAren erakusmahaia, bestetik, Goienkaleko 41-43 zenbakietan jarriko dute. Askotariko produktuak erosi ahalko dira han.
Hamaika telebistak, bihar hasi eta igandera bitartean, Durangoko Azokako magazina emango du 08:00etan, 10:00etan eta 22:00etan. Ahotseneko zuzeneko kontzertuak emango dituzte tarte batzuetan. Albistegi zerbitzuak mantenduko dituzte bihar eta etzi, eta, horietan, azokak tarte berezia izango du.
Bestalde, Hamaikak aurkezpen berezia egingo du etzi, Durangoko Museoan, 18:00etan: M ama eme ume bideopodcasteko bi aurkezleek gidatuko dute ekitaldia (Miren Lantzek eta Ainara Lopezek). Haiekin batera izango dira Estitxu Fernandez eta Erika Lagoma. Amatasun feministaz mintzatuko dira. Hamaikak zuzenean emango du ekitaldi hori telebista konbentzionalean zein Internet bidez.
Tokikomek eta ETBk Azoka Telebista egingo dute elkarlanean. ETB1ek Azoka telebista saioa emango du bihar, etzi eta etzidamu, 21:00etatik 21:25era. Saio horretan, azokan gertatzen denaren laburpena egingo dute.
ETB1eko Biba Zuek! magazina EITBren gunetik egingo dute ostegunean, 18:00etatik 19:45era. Gauean, Mihiluze berezia egingo dute kultur arloko lehiakideekin —irabazleen dirua EITB Maratoiarentzat izango da—.
Azoka hasi aurreko egunetan, bestalde, EITB Podkast atarian eta EITBren Youtubeko kanalean BaDA!bil izeneko bideopodcasta sareratu dute. Amets Arangurenek gidatuta, sei solasaldi egin dituzte sortzaile gazteekin. Askotariko gaien inguruan mintzatu dira sei atal horietan.
'Gure Zirkua'
Aurkezpen berezi bat egingo du bihar EITBk Irudienean (Zugaza aretoa): Gure Zirkua saioaren aurrestreinaldia. Gure Zirkuaren gaineko lau ataleko programa bat egin du Orio Produkzioak ekoiztetxeak Euskal Telebistarentzat, eta urtarrilean estreinatuko dute. Baina, aurretik, bihar lehen atala ikusi ahalko da Irudienean, 13:00etan. Aurrestreinaldiaren sarrera doakoa da.
Ahotseneko kontzertuak streaming bidez ikusi ahalko dira datozen egunetan EITBren webgunean.
Landako gunearen kanpoaldean, Primeran plataformaren autobusa jarriko dute. Orain WhatsApp albiste zerbitzu berriaren eta Primeran-en gaineko eskuorriak banatuko dituzte egunotan.