Gorka Artaza. Kazetaria

«Euskarazko podcast egileen komunitatea sortu nahi dugu»

'La voz del contestador' saioari esker, Espainiako Podcast elkarteak gizonezko podcast egilerik onenaren saria eman dio Artazari. Lau urtez lortu ditu izendapenak.

OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
iraia vieira gil
Bilbo
2023ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Kazetaria, podcast egilea eta Arro komunikazio agentziaren fundatzailea da Gorka Artaza. Bartzelonan jaio zen, 1979an, baina, 8 urte inguru zituela etxez aldatu, eta Plentziara (Bizkaia) joan zen bizitzera. Hamabost urte baino gehiago daramatza prentsako, irratiko eta telebistako kolaborazioak egiten, baina nahiago ditu «formatu askeak». Lau podcast ditu guztira: ¡A la velocidad absurda!; Qué tiene que ver; Hasta aquí puedo ver; eta La voz del contestador. Azken hori saritu du aurten Espainiako Podcast elkarteak, eta gizonezko podcast egilerik onena izendatu du Artaza.

Ez da podcast sari horietan lortu duzun lehen izendapena. Zer aldatu da orain?

Lehenengo fasean, publikoak bozkatzen du; bigarrenean, podcast munduan adituak direnek aukeratzen dute irabazlea. Aurreko lau urteetan hor egon naizenez, uste dut konstantzia eta esfortzua ere saritu dituztela. Asko eskertzen dut saria eman izana: egiten dudan lanari balioa emateko modu bat da, eta neure buruari gauzak ondo egiten ari naizela aitortzekoa ere bai.

Askotariko gaiak lantzen ditu La voz del contestador saioak.

Bai. Zinemari buruz eztabaidatzeko podcast bat izan zen nire lehen saioa. Capitán Ámerica izeneko fanzine itxurako programa bat egiten nuen Vinilo FMn, baina bertan behera geratu zen. Horregatik sortu genuen Hasta aquí puedo ver zinema podcasta. Gaitegia mugatua zen, eta ez zen nahikoa niretzat. Egun guztian, ideia asko datozkit burura, eta jakin-min hori asetzeko beharrak bultzatu ninduen La voz del contestador egitera.

Zure saio guztiek badute antzeko ezaugarriren bat?

Egiten dudan guztiak umorea du. Igor Llaguno ¡A la velocidad absurda! podcasteko nire kideak, esaterako, umorean oinarritutako ariketa bat egitea proposatu zidan. Atal bateko sarrera izan behar zuen, baina hainbeste gustatu zitzaigun, non horretan inspiratutako beste saio bat egitea erabaki genuen: Qué tiene que ver.

Bereziki gustatzen zaizun kapituluren bat?

Maite dut zinema podcasteko ehungarren kapitulua. 101. saioa izendatu genuen, eta podcastari izena eman zion filma aukeratu genuen eztabaidatzeko: Mel Brooks-en Spaceballs. Podcastaren inguruko iritzia emateko eskatu genien entzuleei, eta oso hunkigarria izan zen.

Entzulea jarraitzaile fidel bihurtzeko sekreturik?

Bi gako daude: gauzak egiteko orduan jartzen duzun pasioa eta pasio hori transmititzeko modua; eta umiltasuna. Hedabideetan, beti egoten da hesi bat publikoaren eta hizlarien artean. Hizlaria hor dago, eta badirudi ezinezkoa dela harekin hitz egitea. Podcastetan ez da horrelakorik gertatzen. Esatariaren eta entzulearen artean etengabeko harremana dago. Umila ez bazara, beraz, entzuleek ezin izango dute konektatu zurekin.

Euskal Podcast Elkarteko kidea zara. Zer-nolakoa da euskarazko podcasten egoera?

Euskarazko podcastak egiten dituzten egileen bila ari gara. 2021. urtean sortu genuen elkartea, eta Euskalpod jardunaldiak egiten ditugu urtero. Benetan zabiz? da aurten parte hartu duen euskarazko podcast bakarra. Gehiago erakarri nahi ditugu, eta haien artean komunitate bat sortu.

Komunikazioa ulertzeko modua aldatu dizu podcastak?

Bai. Askoz erosoago nago orain, arrazoi bakar batengatik: sortzeko askatasuna bermatzen dit. Ez diot ildo editorial bati jarraitu behar; nahi dudan itxura eman diezaieket edukiei, eta zenbat iraungo duten erabaki. Telebista, hala ere, asko gustatzen zait eta, askotan, kamerak ere erabiltzen ditugu kapituluak grabatzeko. Twitchera igotzen ditugu gero, eta horrek gazteekin erlazionatzeko aukera ematen digu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.