Martxoan hasi zuen Euskonews aldizkariak laguntza ekonomikoa eskatzeko kanpaina. Egoera ekonomikoak baldintzatuta, «neurri zailak» hartzeko erabakia hartu zuten Eusko Ikaskuntzak sarean argitaratzen duen agerkariaren arduradunek: batetik, astekaria hamabostekari bihurtu zuten; bestetik, dirua biltzeko deia egin zuten. Bi hilabete pasatu ostean, «nahiko harrera ona» izaten ari direla adierazi du Maider Sillerok, Euskonewseko Argitalpen Batzordeko kideak: «Irakurleek ondo hartu dute egitasmoa; dirua eskatzea ez da inoren gustuko, baina nahiko harrera ona izaten ari da».
Hamabost urte beteko ditu Euskonews-ek sarean, zientzia eta kultura modu ulerterrazean azaltzen. Zientzialariek eurek jorratutako ikerketei buruzko lanak eta doktoretza tesien laburpenak argitaratzen dituzte.
Nahi duenak www.euskonews.com/laguntza estekan eman dezake babesa. Horretarako, transferentzia egiteko bi kontu korronte eta Paypal kontu bat jarri dituzte. «Nahi edo ahal den moduan» lagundu daiteke. Alegia, dohaintza behin edo behin baino gehiagotan eman daiteke, edozein dela ere kopurua.
Diru laguntza eman dutenen ekarpena eskertzeko, Sara Otaño artistaren margolan bat zozkatuko dute Euskonews babestu duten guztien artean. Otañok agerkariari emaniko dohaintza da artelana, Sillerok azaldu duenez: «Jendeak dirua ematen badigu trukean zerbait eskaini behar genuela iruditu zitzaigun». Zozketaren ondoren ere, kanpainak indarrean jarraituko du.
Sillerok, Euskonewseko kideen izenean, esker oneko hitzak ditu ekarpen ekonomikoa egin duten guztientzat: «Eskertzen diegu irakurleei diru laguntza egin izana eta Euskonews irakurtzen ere laguntza eman izana hamabost urte sarean egon eta gero».
Komunikazioa
'Euskonews' aldizkari digitala laguntzeko kanpainari, «harrera ona»
Eusko Ikaskuntzaren agerkariak martxoan ekin zion irakurleei laguntza ekonomikoa eskatzeko kanpainari

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu