Eva Garcia Saenz de Urturi idazle gasteiztarraren Ordu beltzen liburua telesail bilakatuko dute —Kraken saileko lehen liburua da—. Zehazki, telesailaren lehen denboraldia izango da Ordu beltzen liburua. Azken urteetan, Kraken osatzen duten liburu guztiek salmenta datu ikaragarriak lortu dituzte: lau milioi lagunek irakurri dituzte, eta hogei hizkuntzatara baino gehiagotara itzulita daude. Euskaraz ere irakur daiteke autore horren lanik. 2020. urtean, idazleak Planeta saria irabazi zuen Aquitania liburuarekin.
Liburuan kontatzen den istorioa Gasteiz eta Madril artean gertatzen da, eta, beraz, telesaila leku horietan grabatuko dute. 2022. urtean girotuta dago, eta Unai Lopez de Ayala, Kraken goitizenez ezaguna den polizia ohia, da protagonista. Ordu beltzen liburua aurkitzeko jardunean datza liburuak, eta Krakenek bere familiaren zenbait sekretu ezagutuko ditu bidean. Bibliofilia da istorioaren gako nagusia.
Sei atalek osatuko dute lehen denboraldia, eta bakoitza 45 minutukoa izango da. «Kraken-en milioika zale daude mundu osoan, eta horrelako proiektu baten zain daude. Komunitate hori handitu eta handitu ari da, eta hartako kideentzat oso berezia izango da haien pertsonaia gogokoenak pantailan ikustea», azaldu du Garciak. Manuel Sanabriak zuzenduko du telesaila.