Ez dira albiste gehiago bilatzen, nabarmenak direnak baizik

Reuters Institutuak egindako ikerketa baten arabera, munduan gero eta herritar gehiagok egiten dute ihes albisteetatik

urtzi urkizu
2023ko uztailaren 2a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Mundu zabalean herritarrek ez dituzte albiste gehiago bilatzen, baizik eta haientzat nabarmenak direnak eta egungo arazo konplexuei zentzua emateko informazioak. Gaur egungo testuinguruan, kazetaritza inoiz baino garrantzitsuagoa da. Halaber, garrantzitsua da kazetaritza nabarmentzea bere «zehaztasunagatik, erabilgarritasunagatik eta gizatasunagatik». Horiek dira Oxfordeko Unibertsitateko Reuters Institutuak argitaratu duen Digital News Report 2023 ikerketaren ondorioetako batzuk.

Hainbat faktorek dute lotura komunikabideen erabakietan. Ukrainako gerrak eta horrek eragindako ondorio ekonomikoek bizkortu egin dute hedabide batzuek trantsizio digitala egitea. «Negozio eredu berriak, narrazio mota berritzaileak eta banaketa modu berriak ari dira egiten», dio txostenak. «Berrikuntza, malgutasuna eta audientzien etengabeko enfokea osagai gakoak izango dira arrakasta lortzeko».

Azkeneko hamarkadako joerei begiratuz gero, munduko herrialde askotan gero eta herritar gehiagok egiten dute ihes albisteetatik. Joera hori areagotu egiten da polarizazio politiko handiagoa dagoen herrialdeetan. Baina orain arte kazetaritzaren kontsumoa egonkor egon den herrialde batzuetan ere beherantz egin du herritarrek albisteekin duten interesak, hala nola Alemanian eta Austrian. Are handiagoa izan da albisteekiko desafekzioa Grezian eta Bulgarian. Erresuma Batuan ere azkeneko urtean bost puntu handitu da albisteengandik ihes egiten duten herritarren kopurua.

Bestelakoa da egoera Herbehereetan, Finlandian, Danimarkan eta Japonian. Herrialde horietan egonkorra da herritarrek zer interes duten albisteetan, eta txikiagoa da saihesten ahalegintzen direnen kopurua.

Azkeneko urtean komunikazio munduan agerian gelditzen ari den beste joera bat da albiste digitaletan parte hartzea txikiagotzea; hau da, herrialde guztietan txikiagotu da albisteak komentatzeko eta partekatzeko joera. «Gutxiengo aktibo batek egiten du zarataren parterik handiena», ondorioztatu du Reutersen txostenak. Herrialde batzuetan Interneteko sareetako parte hartzea asko hazi zen 2016tik 2019ra, bereziki Facebooken. Reutersek aipatu du urte horietan gertatu zirela Donald Trump AEBetako presidente izendatzea, Brexit-aren erreferenduma Erresuma Batuan eta Kataluniako independentziaren erreferenduma. Ondotik, ordea, azkeneko bi urteetan herritarren parte hartzea sare itxietara ari da bideratzen: Whatsapp, Signal, Telegram eta Discord. «Sare horietan herritarrek elkarrizketa pribatuak dituzte, konfiantzazko giro batean, eta ez hain eremu toxikoan».

Bestalde, herritarrek mundu osoan albisteekin duten konfiantza bi puntu txikiagotu da; hamar herritarretik lauk diote konfiantza dutela, oro har, albisteetan. Finlandian dute herritarrek konfiantzarik handiena hedabideetako informazioan —herritarren %69k—. Grezia dago beste muturrean, eta han soilik %19k dute konfiantza albisteetan.

Albisteak ordaintzeko joera egonkortu egin da herrialde gehienetan. Norvegian ordaintzen dute herritarrek gehien albisteak Interneten jasotzeko —%39k—. Hogei herrialde aberatsenak aintzat hartuz gero, herritarren %17k ordaintzen dute albisteak sarean irakurtzeko.

Tiktok, gorantz

Informazioa kontsumitzeko orduan, sare sozialen erabilera handiagoa da atari eta aplikazioetakoa baino. Eta sare sozialen artean, azkeneko urtean joera batzuk ari dira areagotzen: Facebook-en indarra txikiagotu egin da, batez ere 25 urte baino gutxiago dituztenen artean; aldiz, Tiktok asko hazi da. Nabarmentzekoa da Asiako, Latinoamerikako eta Afrikako hainbat herrialdetan Tiktokek gorakada handia izan duela, bereziki gazteen artean.

Kazetarien eraginari dagokionez, Twitterren eta Facebooken kazetari beterano askok gidatzen dituzte albisteen inguruko elkarrizketak. Baina zailtasuna dute gazteen arreta bereganatzeko Instagram, Snapchat eta Tiktok sare sozialetan. Sare horietan, gazte ospetsuek eta influencer-ek dute eraginik handiena erabiltzaileengan.

Komunikabide asko, edonola ere, Tiktokek hartu duen indarraz jabetu dira. Reuters Institutuaren txostenaren arabera, komunikabide nagusien erdiek edukiak ekoizten dituzte Tiktoken —BERRIA maiatzaren 15ean hasi zen horretan—. «Zaila egiten ari zaie gehienei gazteengana iristea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.