'Ez dira debalde' iragarkiak irabazi du Euspot lehiaketako sari nagusia

Aurten 149 lan aurkeztu dira lehiaketara. Publikoaren saria 'Ametsak gauzatu' lanak jaso du

Euspot lehiaketako irabazleak, herenegun, Aretxabaletan. EUSPOT.
urtzi urkizu
2023ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Gorka Santos Alvarez eta Haizea Bedialauneta Garcia Elorrioko (Bizkaia) sortzaile gazteek irabazi dute Euspot lehiaketa, Ez dira debalde izeneko iragarkiari esker. Spotik onenaren saria da hori, eta epaimahaiak zera nabarmendu du: «Spotaren kalitate teknikoa eta mezuaren egokitasuna da gehien baloratu dena».

Emakumezko off-eko ahots batek zera dio iragarkian: «Asetzen gaituen ur hori/ arnasten dugun aire hau/ babesten gaituen osasuna/ eta berotzen gaituzten argiak/ ez dira debalde/ arrazoi zenuen, amona:/ utzi zenigun mundua/ zientzia eta ikerketaren bidez berreraikitzeko garaia da». Eta galdera bat idatzita, amaitzeko: «Prest?».

Izan ere, aurten Euspot lehiaketak lelo hau izan du: Zientzialari eta ikertzaile izan nahi dut!. Gai horri lotutako iragarki bideoak bidali behar zituzten parte hartzaileek. Eta aurten inoiz baino lan gehiago jaso dituzte: 149. Hogei finalistak proiektatu zituzten ostegunean, Aretxabaletan (Gipuzkoa), sariak banatzeko ekitaldian.

Mondragon Unibertsitateko (Gipuzkoa) ikasleen lan ugari jasotzen dituzte lehiaketan, eta horietako bat saritzen dute urtero. Ikasleen spotik onena aurten Asetu burua izan da. Egileak Unai Cantabrana, Aner Olaizola eta Danel Ezpeleta dira. Publikoaren saria Oscar Golpe Manuelek jaso du, Ametsak gauzatu spotari esker.

18 urte baino gutxiagoko ikasleek ere parte hartzen dute lehiaketan, eta kategoria horretan saritua Nik zientzialaria izan nahi dut lana izan da. Egileak hauek dira: Rocio eta Eliana Sanchez, Maialen Mendez, Naroa Garmendia, Nagore Arteaga eta Eneko Arozena.

Musika sinkronizazio onenaren saria ere ematen dute. Iragarkiaren musika egokitasunagatik eta originaltasunagatik saritzen dute bideo bat. Aurten, kategoria horretan, Eta zuk, noraino heldu nahi duzu? iragarkiak jaso du. Mikel Larrion eta Urena Carrero dira egileak.

Arizmendi ikastolako (Arrasate, Gipuzkoa) spotik onenaren saria Patricia Nicola Petrarrek eta Yashira Rodriguez Fernandezek jaso dute, Izan gaitezen zientzialari eta ikerlari lanari esker.

Formakuntza saioak

Aurkeztu diren lanen artean, 110 iragarki 18 urte baino gutxiago dituzten ikasleek egindakoak izan dira. Gainera, lehiaketako antolatzaileek ikus-entzunezko publizitatearen gaineko formakuntza eman dute Euskal Herriko hainbat ikastetxetan. Aurten 500 ikaslek parte hartu dute sormenari buruzko trebakuntza horietan —urteotan dagoeneko 4.000 ikaslek jaso dute formakuntza hezkuntza zentroetan—. Modu horretan, harrobi lana egin nahi dute gazteekin.

Lehiaketaren antolatzaileak Aretxabaletako Udala (Gipuzkoa), Arteman agentzia, Mondragon Unibertsitatea eta Arizmendi ikastola dira. Eusko Jaurlaritzaren babesa ere jaso du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.