Nagore Irazustabarrena: «Ez dugu kontestuz kanpoko txutxumutxurik kontatu nahi»

Historia «modu arinean» kontatzeko baliatu du Irazustabarrenak 'Argia'-ko 'Oroimen histerikoa' podcasta. Aurreratu du hurrengo urtean estreinatuko dutela bigarren denboraldia.

Oroimen histerikoa 1
Dani Blanco / 'Argia'
iraia vieira gil
2023ko abenduaren 02a
05:00
Entzun

2005ean eman zion hasiera Nagore Irazustabarrena Historian lizentziatuak (Donostia, 1973) Argia-ko Denboraren makina atalari eta «gertaera bitxiak» ezagutarazteko erabiltzen du oraindik. Kontakizun horiek podcast bihurtzeko aukera eskaini zion hedabideak urtearen hasieran, eta, «asko pentsatu ondoren», proposamena onartu zuen. Idatzizkoek ematen dioten «erosotasunetik» urruntzea ez zaio erraza egin, baina aitortu du azkenaldiko grabaketak aski gozatu dituela. Oroimen histerikoa du izenburu podcastak, eta Axier Lopez kazetariak eta Eneritz Arzallus teknikariak osatzen dute lantaldea. Hurrengo urtean bigarren denboraldia estreinatuko dutela aurreratu du Irazustabarrenak.

Agerikoa da izenburuak aurkezten duen hitz jokoa; esanahi berezirik ba al du?

Uste dut Eneritz Arzallusek proposatu zuela izenburua. Ideia zaparrada egin, eta hori bota zuenenan, ez genuen zalantzarik egin: podcastaren izena horrek izan behar zuen. Hitz joko erraza da, garratza eta tuntuna dirudi, baina atzean izan badu esanahia. Histeria hitzak laburbiltzen du historiak zer egin duen emakumeekin, eta nik, gainera, horren inguruan hitz egiteko asmoa nuen.  

Zer da histeria, zehazki?

Antzinarotik emakumeei diagnostikatu zaien gaixotasuna da histeria. Antzinako grezieraz umetoki esan nahi zuen, eta pentsatzen zuten umetokiak andreengan eragiten zuen eritasuna zela. Momentu historiko desberdinetan ezarritako arautik at eta emakume izaeratik kanpo irteten ziren andreei diagnostikatu izan zaie beti. Erdi Aroan, adibidez, kristautasunak histeria lotzen zuen sorgintasunarekin, deabruarekin eta heretikoekin.

Bigarren atalean izan zenuten hizpide histeria, baina askotariko bitxikeriak ere kontatu dituzue. Nola lortzen dituzu gaiak?

Argia-n idazten aritu naiz hemezortzi urtez, eta gai asko jorratu ditut. Modu ezberdin batean landu ditut, baina astero idatzi beharrak behartu nau gaurkotasuna aztertu behar izatera. Kontraesankorra dirudien arren, aktualitatean zer gertatzen ari den jakiteak eta asko irakurtzeak eramaten zaitu interesgarriak izan daitezkeen edukiak ezagutzera. Kontuan izan behar dugu historia etengabe ari dela aldatzen, historialariek etengabean argitaratzen dituztela lan berriak edo betiko gaiak beste ikuspuntu batetik jorratzen dituztela.

«Historiaurreko komunitateen %80tan, andreak ehiza jardueretan aritzen ziren. Eta ez da bakarrik ehizatzen zutela, baizik eta fisiologikoki ere egokiagoak zirela».

Eduki interesgarririk aurkitu duzu azkenaldian?

Bai, eta podcast bat egin nahi dut horren inguruan. Duela gutxi jakinarazi dute emakumeak ehizarako egokiagoak zirela historiaurrean, haien fisiologiagatik. Urteetan uste izan da historiaurreko gizonek ehiza egiten zutela eta emakumeak etxeko lanetan aritzen zirela, kobazuloan. Azkenaldian, ordea, hainbat salbuespen aurkitu dituzte komunitate ezberdinetako hilobietan: andre batzuek ehizarako lanabesak eta armak zituzten parean. Kasuak ugarituz joan dira, eta ez da kasualitatea izan; aztertzaileen ikuspegi aldaketarekin du aurkikuntzak zerikusia.

Zer zentzutan?

Azken urteotan hainbat antropologok aitortu dutenez, hilobi batean andre baten arrastoak topatu eta inguruko objektuen gaineko ezagutzarik ez zutenean, suposatzen zuten apaingarrien eta janaria prestatzeko tresnen arrastoak zirela. Identifikatzeko zailak ziren objektu horiek gizon baten hilobian aurkitzen zituztenean, berriz, pentsatzen zuten armak zirela, eta hildakoa ehiztari edo gudari ohia zela. AEBetako bi antropologoren ikerketak, ordea, hurrengoa erakutsi du: historiaurreko komunitateen %80tan, andreak ehiza jardueretan aritzen ziren. Eta ez da bakarrik ehizatzen zutela, baizik eta fisiologikoki ere egokiagoak zirela.

Nola ematen duzue gai horien berri?

Axier Lopezen eta nire arteko elkarrizketa moduko bat da podcasta. Errazagoa da elkarlanean aritzea, eta emaitza askoz ere naturalagoa da. Umorea erabiltzen dugu askotan, eta xehetasunak eta bitxikeriak kontatzen ditugu, baina modu arinean. Ez dugu kontestuz kanpoko txutxumutxurik kontatu nahi, historia ulertzeko oinarrizko testuingurua duten gertaerak baizik.

Aldaketarik egongo da denboraldi berrian?

Oraindik ez dugu pentsatu. Niri gustatuko litzaidake karatula aldatzea. Ni bakarrik ageri naiz oraingoan, baina hiru pertsonaren artean egiten dugu lan hau. Uste dut hirurok agertu beharko genukeela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.