Ez egin 'txiorakeriarik'

Kazetariek sare sozialetan duten jokabidea arautzeko gidak argitaratzen ari dira hainbat hedabide. Adierazpen askatasunaren aurkako erasoa da, edo arduraz jokatzeko ariketa?

RTVEko kazetariek Twitterren jarri zuten otsailaren 9ko protestaren irudi hau. Arau berriekin, ezingo dute hori egin. BERRIA.
Edu Lartzanguren.
Donostia
2015eko apirilaren 9a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Kazetariari sare sozialetan jo eta ke aritzeko eskatzen diote gaur hedabideek, hor ere badaudela eta modernoak direla erakusteko eta informazioa emateko. Baina, aldi berean, lotsaraziko dituen ezer ez egiteko exijitzen diote, eta are gutxiago euren izenean ari badira. Askotan kontrajarriak diren bi agindu horietan laburbiltzen da hedabideek duten jarrera. Facebook, Twitter eta bestelako sareei begirako aholku, arau, agindu eta debeku gidak argitaratzen ari dira.

«Hedabideek Interneten egon beharra sentitzen dute, baina oraindik ez dakite zein eginkizun izango duten han», esan du Maria Gonzalez Gorosarrik. Komunikazioan doktorea da, eta Alemaniako hedabideen kalitatea ikertzen dabil Berlingo Unibertsitate Librean (Freie Univertsitaet). Gorosarriren arabera, hedabideek sare sozialetan lekua hartu baino ez dute egin, «beste inork kendu baino lehen». Sare sozialetan ikusten da hedabideek makina huts gisa funtzionatzen dutela: «Euren albisteak gunera pasatzen dituzte, eta ez dute beste harremanik irakurle, entzule eta ikusleekin». Kazetariak harreman hori lantzen hasi direnean piztu da hedabideen beldurra, eta kontrola ezartzeko ahalegina. Gorosarrik argi du: «Kazetariak jendartean parte hartzeko eskubide osoa dauka, edonon lan eginda ere».

Azkena RTVE Espainiako irrati eta telebista publikoa izan da. Duela bi aste Sare sozialak erabiltzeko arauak agiria helarazi zien langileei. Nahitaez bete beharko dituzte kazetariek, euren buruak RTVEko langile gisa aurkezten dituzten kontuetan.

RTVEk emaniko arauetako batzuek eztabaida eragin dute langileen artean: kazetariek ezingo dute albiste, argazki, bideo edo bestelakorik zabaldu RTVEren gunean jarri aurretik. Izan ere, azken hilabeteotan protestak egin dituzte langileok, zuzendaritzak hainbat berriemaile lanetik kendu dituelako eta La Razón eta COPE irratiko kazetariak sartu dituelako erredakzioetan. Protestetako argazkiak zabaldu izan dituzte kazetariek Twitterren. Arau berriekin, ezingo dute halakorik egin. PPk ezarritako Isilarazteko legea ekarri du gogora Gorosarrik. «Nork hartuko du kazetariak esaten duenaren erantzukizuna? Ez dakigu zer gerta daitekeen eta hedabideak noraino dauden prest euren langileak babesteko».

Esaldi batean laburbildu du BBCk langileei sare sozialetan eskatzen dien zuhurtzia: «Ez egin txorakeriarik». Martxoan eman zien Erresuma Batuko hedabide publikoak arau zerrenda kazetariei. BBCk bi langile mota bereizten ditu horri dagokionez: erredaktoreek kontu pertsonalak izan ditzakete, baina BBCko langileak direla inon aipatu gabe. Editoreen edozein kontu hartuko da «ofizialtzat».

Alderdi edo kausa batekin sare sozialetan ez lerrokatzeko esaten die BBCk kazetariei, eta «oreka» zaintzeko pertsona eta erakundeei jarraitzeko orduan. Interneteko eztabaidek «tonu bizi samarra» har dezaketela ohartarazi zien kazetariei AFP France Presse agentziak 2013. urtean argitaraturiko gidan.«Inoiz ez erantzun haserre, eraso badizute ere», agindu zien.

Informazio bat jasotzen badute, sare sozialetan zabaldu aurretik euren nagusiei jakinarazteko esan diete BBC eta AFPk kazetariei. RTVEk debekatu egin die beste hedabideren batek argitaraturiko albiste bat euren kontuen bidez zabaltzen laguntzea. «Hori ez da ulertzen sare sozialetan, eta kazetaritzan ere ez», esan du Gorosarrik. Ikertzailearen arabera, euskarazko hedabideek elkarren informazioen berri ematerakoan iturria aipatzeak asko lagunduko luke euskal esparru komunikatiboa sortzen.

«BBCko kazetari bat zara; horren arabera jokatu», agindu du Erresuma Batuko hedabideak. «Baina jasota al dago lan itunetan sare sozialetan egiten den lana?», galdetu du Gorosarrik. Ordaindu egiten al diote kazetariari horrengatik? «Kontratu finkorik ez duen langile bati ezin diozu eskatu halako identifikazioa hedabidearekin».

Euskal Herriko kazetarien kasua nabarmendu du ikertzaileak: badakite euren lana sare sozialetan nola aurkeztu, eta jendearekiko harremana oso ondo lantzen ari dira. «Euskal kazetariak hedabideak baino askoz lan hobea egiten ari dira sare sozialetan, lehenengoak makina hutsak direlako», ondorioztatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.