Nerea Elizalde. Aktorea

«Fan klubetako kideak hasi zaizkigu mezuak bidaltzen»

La1 kateak 'Si fueras tú' telesail transmedia interaktiboa estreinatuko du astelehenean. Pertsonaien erabakiak ikus-entzuleek hartuko dituztela iragarri du Elizaldek.

urtzi urkizu
2017ko irailaren 7a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Dantzerti Euskadiko Arte Dramatiko eta Dantzako Goi Mailako Eskolan egin ditu ikasketak Nerea Elizaldek (Bilbo, 1998).

Treblinkara azken trena antzezlanetik TVEren telesail interaktibo batera. Aldaketa handia, ezta?

Bai, oso handia. Orain arte ez dut telebistarako lanik egin. Duelahiru aste egin nuen aurreneko film laburra, eta kamera aurrean jartzea itzelezko aldaketa izan da. Antzerkian esperientzia dut, eta bertan entseguak dira oinarri. Telesail batean eguna nekezagoa egiten zait.

Nola joan ziren hautaprobak?

Urtarrilean film luze baterako hautaproba egin nuen. Ez zen atera, baina agentziakoak nire izena eman zion telesailaren zuzendariari. Lehen proba ez zen batere ondo joan, baina bigarrena askoz hobeto atera zen.

Telesaileko zure pertsonaiak Nerea izena du. Nolakoa da?

Institutuko neska ospetsuena da. Betidanik ezagutu ohi den neska harro eta gaiztoa da. Baina espero dut ikusleek hartzen dituzten erabakiek gaiztoa izateko arrazoiak zeintzuk diren azaleratzea. Pertsonaia humanizatzea nahiko nuke.

Nola izango da ikusleen interakzioa pertsonaiekin?

Atala emititu ostean, ikusleei aukera ezberdinak emango zaizkie. Boto gehien jasotzen duen aukera grabatuko dugu guk gero. Sare sozialen bitartez egingo da hori, eta, egunotan, tutorial bat jarriko dute sarean. Alba protagonistak, gainera, Whatsapp zenbaki bat du ikusleekin hitz egiteko. Eduki gehigarriak ere jarriko dituzte sare sozialetan.

Iruditzen zaizu formatuak arrakasta izan dezakeela?

Espero dut arrakasta izatea. Publiko gazteari oso interesgarria egingo zaiola uste dut. Dagoeneko fan klubak egin dituzte, eta hasi zaizkigu mezuak bidaltzen. Gazteen artean eztabaidak sor daitezke. Polita litzateke jendea inplikatzea.

Zeure burua luzaroan ikusten duzu Madrilen?

15 urte nituenetik joan nahi izan dut Madrilera. Aukera sortu zenean, beldurtu egin nintzen. Hiri oso handia da; ez naiz seguru sentitzen. Baina uste dut etorkizunean Madrilen biziko naizela. Oraingoz, urriaren amaiera arte ariko gara grabaketetan.

Treblinkara azken trena antzezlanean trikitia jotzen azaltzen zara. Trikiti kontzerturik emango zenuke?

Ez, oso gaizki jotzen dut. Nahiago nuke gitarrarekin eta kantuan.

Zer antzezlan klasiko interpretatuko zenuke?

William Shakespeareren Uda gau bateko ametsa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.