Finala bukatu ostean, solasa

ETB1ek eskuz binakako finalari buruzko mahai inguru bat egingo du Bizkaia pilotalekuan

Pedro Mari Goikoetxea eta gonbidatuak, lau eta erdiko finalaren osteko saioan, Iruñean. BERRIA.
urtzi urkizu
2019ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
ETBk lau eta erdiko txapelketako finalarekin egin zuen lehen saiakera, azaroan, eta bihar formula errepikatuko du eskuz binakako txapelketaren finalean: partida bukatu bezain laster, Pedro Mari Goikoetxea kazetariak mahai inguru bat aurkeztuko du. «Jaialdiko hirugarren partida eman beharrean, finalaren irudi ederrei beste probetxu bat ateratzea da asmoa. Eta finalaren analisiak beste ikuspegi batetik ematea, orain arte egin ez den bezala», azaldu du Joseba Urkiolak, ETBko Kirol zuzendariak. Azaroan Iruñeko Navarra Arenan bertan egin zuten saioa, eta igandean Bilboko Bizkaia pilotalekuan egingo dute. Goikoetxeak hiru gonbidatu izango ditu alboan finala komentatzeko: Abel Barriola, Mikel Idoate eta Juan Mari Juaristi Atano XIII.-a. Saio berean, txapeldunak eurekin egongo dira. Eta finalak eman duenaren inguruko testigantzak, erreakzioak eta bestelakoak tartekatuko dituzte. «Buruz buruko txapelketako finalean ere hala egingo dugu», iragarri du Urkiolak.

Finala emateko, bestalde, ETBk hamabi kamera erabiliko ditu. Horietako bat, burubero izenekoa, pilotalekuaren goialdean jartzen dute eta jokoaren ikuspegi zenitala erakusten du. Slow motion izeneko kamerak jokoaren irudi geldoa erakusten du. Eta txokoan ezartzen duten kamera robotizatuari esker, ezohiko irudiak ikus daitezke. Irudi horiek guztiak baliatuko dituzte Goikoetxeak gidatutako saioan. «Ahalegina handia da: lantalde bat finalaren emanaldirako arituko da, eta beste bat solasaldi saiorako». Finalaren kontakizuna Xabier Euzkitzek egingo du, Josean Tolosa lagun duela. Elena Azpeitiak eta Ibon Gaztañazpik, berriz, pilotalekuko testigantzak jasoko dituzte.

Arrateko igoeran ere bai

Final handia jokatuko dute Irribarria-Zabaleta eta Elezkano-Rezusta bikoteek, baina ez da izango igandeko bakarra. Euskal pilota egokituko Master Cup Irekiaren finalak emango ditu ETB1ek aurreneko aldiz bihar, Beasaindik (Gipuzkoa), 11:30ean hasita. Iñigo Aiestaranek egingo du kontakizuna, eta Iurgi Olasagasti txapelketaren zuzendari teknikoa izango du alboan. «Kirol egokituan ari direnek sekulako lana egiten dute. Telebista publiko batek horrelako txapelketak bultzatu beharra dauka», esan du ETBko kirol zuzendariak.

Igandeko pilota emankizunen ostean, datorren astean txirrindularitzan murgilduko da bete-betean ETB. Euskal Herriko Itzuliaren etapa amaierak emitituko dituzte arratsaldero, eta izango dute berritasunik: pilotako finalen antzera, Arrateko igoera egingo duten egunean, ostiraleko etapa bukatu eta gero, solasaldi saio bat gidatuko du Pedro Mari Goikoetxeak. Plato bat egokituko dute Arraten bertan (Eibar, Gipuzkoa). Gonbidatuak Leire Olaberria eta Joseba Beloki izango dira.

Urkiolak iragarri duenez, bestalde, egun bakoitzari lotutako erreportaje bereziak emango dituzte etapari ekin aurretik, 15:00etan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.