Futbolaren inguruko edukiak euskaraz eskainiko ditu Futbolmamia aldizkari espezializatu digitalak. Webgunearen sortzaile Aitor Manterolaren arabera, futbolaren esparruan gaztelania da nagusi. Hori dela eta, «euskara futbol zelaira sartzeko» beharra sentitu du. Irailean izango da abian aldizkari digitala. Eduki guztiak zehaztu dituztela dio; «tripak lantzen» ari dira orain. Futbolmamia-k kirolaren alderdi teknikoa landuko du, eta, horrez gain, aholkularitza zerbitzua ere eskainiko du mundu horretan dabilen ororentzat.
Bestalde, kirolaren «benetako mamia» jorratuko du: «Asko hitz egiten da futbolaz, baino gutxik dakite benetako mamiaz. Ezaugarri guztiak landuko ditugu», azaldu du Manterolak.
Webgunearen sortzaileak futboleko entrenatzaile izateko ikastaroa egiten ari zela ohartu zen kirolaren inguruko «euskarazko informazio faltaz». BERRIA egunkariak teknologia berrien inguruko proiektuentzako beka kaleratu zuen orduan, eta, horri helduz, futbol espezializatuko aldizkari digitala prestatzea erabaki zuen kazetariak.
Beka ez zuen lortu, baina egitasmoarekin aurrera jarraitu du. Aitor Zulaika eta Mikel Arregiren laguntza izan du bide horretan, baita futbol munduko pertsonaien kolaborazioa ere, Gaizka Garitano Realeko jokalari ohiarena eta Realeko kirol zuzendari Mikel Etxarrirena, besteak beste.
Talde apalentzat laguntza
Hiru ildo nagusi izango ditu Futbolmamia-k. Batetik, futboleko lau oinarriak (taktika, teknika, prestakuntza fisikoa eta prestakuntza psikikoa) lantzeko ariketak eskainiko ditu. Horren harira, partida garrantzitsuak aztertuko ditu: «Futbol taldeen jokaldien ezaugarriak aztertuko ditugu, tripak atera». Horrez gain, beheko mailako taldeei ere kasu egingo dietela nabarmendu du Manterolak: «Alde horretatik, ez ditugu eliteko taldeak eta jokalariak soilik landuko. Hirugarren mailako talde batek partida baldin badauka, aurretik lantzen lagunduko diegu». Hala, aurkarien jokatzeko modua grabatuko dute, eta txostenak prestatu, haien aurkako partida prestatzeko. Eduki batzuk harpidetza bidez jaso ahalko dira soilik.
Bestetik, aholkularitza zerbitzua eskainiko du. «Herritako futbol elkarteetan-eta zenbait esparru ez dira lantzen beharko liratekeen moduan. Hori dela eta, entrenatzaileei ikastaroak eskainiko dizkiegu, hitzaldiak antolatu.. haien prestakuntza osatze aldera», dio webgunearen sortzaileak. Era berean, kirol horren inguruko informazioa euskaratzea izango dute xede.
Egileak iragarri du webgunea «oso bisuala» izango dela, irudi eta bideo askorekin.
Urola Kostako Udal Erakundeak urtero antolatzen duen Ekin enpresa ideien lehiaketan finalista izan zen Futbolmamia.
Komunikazioa
Futbolaren inguruko euskarazko edukiak bilduko dituzte sarean
'Futbolmamia' aldizkari espezializatu digitala jarriko du martxan irailerako Aitor Manterola kazetariak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu