Komunikazioa. Andoni Agirregomezkorta. Aktorea

«Gaiari buelta eman eta umorez lantzen duzu, ez haserretzearren»

Eguneroko gaiei punta atera eta umorea egiten du Agirregomezkortak 'Irrikitown' eta 'Euskadi Movie' ETBko saioetan.

EITB.
Ainhitze Ruiz.
2014ko martxoaren 20a
00:00
Entzun
Urteak daramatza Andoni Agirregomezkortak (Donostia, 1971) ETBko umore saioetan parte hartzen. Iragarki baten bidez egin zituen lehen urratsak ETBn. Vaya Semanita saioan egin zen, ordea, ezagun, batez ere Euskolegas atalean, Patxi bilbotarraren rola jokatzen. Orain Irrikitown —gaur 21:00etan ETB1en— eta Euskadi Movie —gaur 22:20ean ETB2n— umore saioetan dabil.

Zein da Vaya Semanitaeta Euskadi Movie-ren arteko desberdintasuna?

Saioaren funtsa gutxi gorabehera berdina da. Euskadi Movie-ren iraupena motzagoa da. Ez daukagu elkarrizketarik tartean, esketxak dira, bata bestearen atzetik. Alde horretatik, uste dut biziagoa dela. Umoreak ere karga handiagoa du, eta baliteke Vaya Semanita baino arinagoa egitea.

Bi hizkuntzatan zabiltza umorea egiten. Desberdintasunik ba al dago umorea euskaraz edo gazteleraz egiterakoan?

Hasieran, uste nuen ezingo zela euskaraz egin Vaya Semanita edo Euskadi Movie-ren gisako saiorik. Uste nuen umore mota guztiz ezberdina izango zela, baina, Irrikitown-ek ere badu kutsu eta kritika espiritu hori. Alde horretatik nahiko berdinak dira, baina gero, hizkuntza aldetik, guk ere izaten ditugu gure barne eztabaidak. Esaterako, euskara batua erabili edo herrialde bakoitzaren nortasuna kalera atera eta kaleko hizkeran hitz egin behar dugun. Horretan eztabaida handiagoak izaten ditugu umore zentzuan baino. Umorearen aldetik, nik ere ezuste handia eraman dut, eta uste dut gazteleraz edo euskaraz umore bera egin daitekeela.

Zergatik dute esketxek horrenbesterako arrakasta Euskal Herrian?

Esketxek berak baino, nik uste jorratzen diren gaiak dutela arrakasta. Azken batean, norberak bereak sentitzen dituen gaiak izaten dira.

Egunerokoan jartzen duzue indarra.

Gidoilariak egunero egunkariak begiratzen eta irratiak entzuten dituzte albisteetatik umorea sortzeko. Askotan gaiak oso serioak izaten dira. Gai batzuekin ez haserretzearren, buelta eman eta umorez lantzen duzu.

Euskal klixeez barre egiten duzue. Geure buruaz barre egiteak funtzionatzen al du?

Baietz uste dut. Nekagarriak ere izan gaitezke, baina oro har esango nuke funtzionatzen duela. Batzuetan norbait mindu daiteke jorratu dugun gaiagatik, edo esaten duguna ez datorrelako bat errealitatearekin. Baina horiek estereotipoak dira. Zerbait esaten duzu, eta agian ez da guztiz egia. Baina zerbait badu egiatik, eta hortik tiraka ateratzen duzu umorea. Ikuspegi horretatik begiratu behar da beti. Nahiz eta gauza batzuk guztiz egia ez izan, ez dago gaizki horrekin adarra jotzea.

Murrizketen gaiak askotarako ematen du.

Murrizketekin umore asko egin daiteke. Agintariren batek momenturen batean zein neurri hartu duen ikusita, hipokresia punturen bat badutela esan daiteke.

Zein da gehien gustatzen zaizun pertsonaia?

Ez dakit zein aukeratuko nukeen. Gainera, azken boladan pertsonaia oso ezberdinak egiten ditut. Garai batean Vaya Semanita-n errepikatu egiten ziren pertsonaia batzuk, baina, orain, ez dira horrenbeste errepikatzen. Filmetako parodiak egiten disfrutatzen dut askotan, zinema oso gustuko baitut. Beste pertsonaia batzuk, aldiz, oso nekagarriak egiten zaizkit; esaterako, Jose Luis Korta. Ez dut ezer haren aurka, baina, haren pertsonaia egiteak asko nekatzen nau. Gainera, beti haserre eta garrasika ateratzen dugu, eta horrek fisikoki asko eskatzen du. Zortzi orduz grabatzen ibili ostean, azken esketxean Jose Luis Kortarena egin behar badut, lehertuta amaitzen dut.

Zinema asko gustatzen zaizula diozu. Ocho apellidos vascos filmarenumorearekin identifikatzen al zara?

Oraindik ez dut ikusi, baina saiatuko naiz ikusten. Ziur nago umore horrekin identifikatuta sentituko naizela. Gainera Ocho apellidos vascos-eko gidoilariak Vaya Semanita-tik pasatutakoak dira.Umore hori, nolabait esateko, nirea ere bada.

Imitatzen dituzun pertsonek zerbait esan al dizute noizbait?

Normalean denek umorez hartzen dute. Oraindik ez dut aurkitu bera imitatzeagatik agurra ukatu didan inor.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.